Ekainaren 10etik 13ra bitartean ospatuko dute nazioarteko koprodukzioak sustatzeko helburua duen merkatua. Irati Gorostidi Agirretxe, Ion de Sosa, Nerea castro eta Leire Apellanizen proiektu berrienak aukeratu dituzte.

ecam forum 2025-zinea

Espainiako Estatuko talentua sustatu, ikus-entzunezko ekoizpena bultzatu eta proiektuak nazioartera zabaltzeko xedez, ECAM Madrilgo zinema eskolak ECAM Forum egitasmoa jarri zuen iaz martxan. Aurtengo edizioa ekainaren 10etik 13ra bitartean ospatuko dute, eta zubi-lanak egin eta koprodukzioen aldeko apustua eginez, sektorea indarberritzeko aukera egongo da.

Cannesen egiten ari diren Marché du Film merkatuaren baitan jakinarazi dituzte proiektu hautatuak, eta horien artean, ekoizpen euskal herritarra duten lau ageri dira. Last Push sailean Irati Gorostidi Agirretxeren Anekumen eta Ion de Sosaren Balearic fikziozkoak sartu dituzte. Lehenengoa 80ko hamarkadan Ultzaman kokatu zen Arcoiris komunitatean oinarrituta dago, eta bertan ezagun egin ziren tailer edo ikastaroak izango ditu ardatz; 2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra du jatorri. Bigarrenak Mallorcako luxuzko txalet bateko igerilekuan harrapatuta dagoen gazte talde baten komeriak kontatuko ditu; hiru doberman dituzte uretatik kanpo zain.

Bestetik, Films to Come sailean Canción animal (Nerea Castro) eta Zuria (Leire Apellanis) aukeratu dituzte. Aurrenak ondokoa kontatuko du: Emakume txori leinu batekoa da Maika. Oso litekeena da azken belaunaldia izatea haien gaineko betoari aurre egiteko gai dena. Beren izaerari uko egitera, senaren aurka borrokatzera eta bizirik hiltzera bultzatzen dituen agindua: hegan egiteko debekua. Hurrena, aldiz, 2077 urtean egongo da girotua, Bilbo-Zurian. Ama batek eta bere alabak lan egiten dute La Orden izeneko erakunde matriarkal klandestino batean, eta Las Niñas Torcidas taldea ezagutuko dute, talentu handiko emakumez osatutako taldea, superdotatuak guztiak, hiritik ihes egin nahi eta naturarekin jatorrizko harmonian bizi nahi dutenak.

Aukeratutako proiektuen arduradunek aurkezpen, bilera, konferentzia eta beste hainbat jardueretan parte hatuko dute.