Elkarrekin Sortzen taldeko 9 zinemagileek eta Tamara Lucarini gidoilari eta zuzendariak, Gela bat norberarena egoitza-artistikoan hautatutako zinemagileak, garatutako proiektuak aurkeztuko ditu Etxe Betea jaialdiak datorren asteartean, maiatzaren 19an. 10:00etik aurrera finkatu dute hitzordua, BBK Kunako Ganbara aretoa.

Etxe Betea emakume zinemagileentzako sormen gune bat da, 2022tik sorkuntzari laguntzeko ekimenak hartzen dituena eta talentu berrien sorrera eta euskarazko zinema sorkuntza sustatzen dituena. Lara Izagirre Garizurieta zinemagilearen Gariza Films ekoiztetxe independente eta feministak bultzatu zuen, eta nazioarteko euskal filmak ekoizteko helburuarekin lan egiten du.

Etxe Betea programan elkarrizketa eta ideien eta ezagutzaren transmisioa ezartzen dira sormena sustatzeko tresna gisa, trebetasun eta talentu kolektiboetatik abiatuta. Bide horretan, hainbat proiektu sustatzen dituzte:

Gela bat norberarena egoitza artistikoa, film luze bat egiten ari diren emakumeei zuzendua. BBKren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren babesa du. Egoitza artistikoak honako hauek eskaintzen ditu: Logela propioa Bilboko erdigunean 9 hilabetez, aurrez aurreko saioak Etxe Betea aretoan, mentoretza pertsonalizatuak eta 5.000 €-ko dirulaguntza filma aurrera eramateko.

Elkarrekin Sortzen laguntza-taldea. Ekimen honek, hilero, emakumezko zinemagileen topaketak sustatzen ditu. Urritik  ekainera bitartean Etxe Betea egoitzan elkartzen dira, ekainean lan intentsiboko aste bat deitzen dute Bizkaiko landetxe batean eta, behar duenari, lan egin ahal izateko gune bat eskaintzen diote Etxe Betea barruan.

Gela bat norberarena nazioarteko egoitza. 2025ean, lehen trukea egin da Thessalonikiko Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan. Lehen edizio honetako hautatua Alkisti Efthymiou izan da Your delicate friend proiektuarekin, Alba Cros zuzendariak mentorizatu duena.

Zinemagileen lanen aurkezpena

Bada, Elkarrekin Sortzen taldeko 9 zinemagileek -Tessa Andonegi, Estibaliz Curiel, Ainhoa Aierbe, Maria Monreal, Monica Cambra, Soledad Santelices, Sonia Estevez, Yolanda Garcia- eta Tamara Lucarini gidoilari eta zuzendariak, Gela bat norberarena egoitza artistikoan hautatutako zinemagileak, garatutako proiektuak aurkezteko hitzordua finkatu dute datorren astelehenean, maiatzaren 19an: Etxe Betea jaialdia.

10:00etik aurrera egingo dute saioa, BBK Kunako Ganbara aretoan, eta honako inprimakia betez baieztatu beharko da bertaratzeko asmoa: BERTARATZEAREN BAIEZTAPENA.