Eva Rivera Soler zuzendariak argitu duenez, 17 urteren ondoren, musika eta zinema uztartu dituen festibala ez dute berriz ospatuko. Antolatzaileek agur festa berezia prestatu dute maiatzaren 24rako, Easo plazako La Bodeguilla tabernan.

dock of the bay agurra-zinea

“Agur esatea ez da lan erraza 17 urte igaro ondoren. Gure jaialdia amaitzen ari da; infinitua izango zela uste genuen, baina dena gertatzen da. Egunotan 17 urte hauek aztertzen aritu gara eta jaialdian egon diren pertsona guztiak gogoratu ditugu: familia, lagunak, lankideak, kultur eragileak, musikariak, artistak. Beste bizitza bat iruditzen zaigu, ia irreala”.

Hitzokin iragarri du Eva Riera Soler Donostiako Dock of the Bay zinemaldiko zuzendariak festibalaren beraren heriotza. Urte hauetan guztietan egindako lanagatik “harro” sentitzen direla azpimarratuz, eta bizitako emozioak gogoratuz, eskerrak eman dizkie gertu izan dituzten lagun eta kide guztiei: “Dock of the Bay-n sinetsi zuten pertsona horiei, gure publikoari, beren bizitzak gurekin partekatzera hurbildu zirenei: eskerrik asko bihotzez”.

Azken agurra maiatzaren 24an egingo dute, propio prestatutako festa batekin. “Musika, lagunak eta giro ona” ziurtatu dituzte 19:00etatik 23:00etara, Easo plazako la Bodeguilla tabernan.

Kultura-ekimen independenteen defentsa

Halaber, zintzo adierazi dute erabakiaren zergatia: “Urte hauetan areagotu egin da ezinegona, Dock of the Bay bezalako kultur ekimenekiko ardurarik ezak eraginda. Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea”.

Ohartarazpena argi utzita, hirian presente egoteko asmoa dutela esan dute ere, “kulturaren balioan sinesten jarraitzea, ahots propioa izateko borroka egitea eta Dock of the Bay guztion bihotzetan geratzea”.