Arte-zuzendaritza eta produkzio-diseinuari buruz arituko dira bi gonbidatuak hizketan egitasmoaren laugarren edizioko seigarren hitzorduan. Gaur, 19:00etan ekingo diote, Koldo Mitxelena Kulturunearen baitako Santa Teresa komentuko areto nagusian.

Zinemagileen arteko elkarrizketak-El llanto-zinea

Koldo Mitxelena Kulturuneak Donostia Zinemaldiaren Z365 arloarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu ohi duen Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloak laugarren edizioa ari da ospatzen 2025ean. Urtarrilaren 14an ekin zioten programa berriari, eta ekainera bitartean zinema arloko 16 profesionalek parte hartuko dute, zortzi elkarrizketetan.

Maria Elorza zinemagilea eta Marian Fernandez bere ohiko ekoizlea izan ziren lehenengo gonbidatuak, eta Helena Taberna zuzendari nafarra eta Isaac Rosa idazle espainiarra aritu ziren gero solasean. Hirugarren saioan Paul Ortiz eta haren gidoilari Javier García Arredondo gerturatu ziren Donostiara, eta hurrengoetan, aldiz, Celia Rico zinema zuzendaria eta María Vázquez aktorea, eta Javier Giner zizendaria eta Oriol Pla aktorea.

Gaur, seigarren hitzordua egingo da, eta El llanto filma zuzendu duen Pedro Martín-Calero zinemagilea eta José Tirado arte zuzendaria izango dira gonbidatuak. 72. Donostia Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen  Martín-Calerok bere opera primarekin (ex aequo). Tiradok, bere aldetik, esperientzia du hainbat film itzaltsutan, hala nola, As bestas (Rodrigo Sorogoyen, Perlak, 2022), -Donostia Hiria Publikoaren Saria Europako film onenari- eta Teresa (Paula Ortiz, 2023) obretan.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla-eta, aurten ere zentroaren baitako Santa Teresa komentuko areto nagusian egingo dituzte saio guztiak; biharkoa 19:00etan hasiko da eta Desirée de Fezek moderatuko du; gaztelaniaz izango da.

Azken hitzorduak

Goizane Álvarez Kultura Sustapeneko eta Gazteriako Zuzendari Nagusiak nabarmendu du zikloaren helburua “zinemagileen begirada bakarra deszentralizatzea eta proiektu baten garapenean diharduten lanbideak ezagutaraztea” dela. Bada, gidoigileak, aktoreen zuzendariak, muntatzaileak, arte-arduradunak eta ekoizleak izango dira hizlariak, hainbat diziplinen arteko lankidetza erakusteko. Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendariordeak, bere aldetik, gaineratu du urteko euskal eta espainiar zinema berrienaren berrikuspena “osatzeko eta partekatzeko” aukera ematen duela: “Berriz, gipuzkoarrek sortze-prozesuak ezohiko ikuspegi batetik erakusten dituen programa batez gozatu ahalko dute”.

Jarraian duzue aurreikusitako egitaraua:

  • Maiatzaren 29a. Zinemagile berriak eta beste diziplina batzuk: Marta Nieto eta Antón Álvarez (C. Tangana)
  • Ekainaren 17an. Ekoizpena eta musika: Esther García eta Alberto Iglesias