Ekainaren 2tik 8ra bitartean ospatuko dute 2025eko edizioa, eta 56 lan lehiatuko dira hiru ataletan. Alaitz Arenzana, Aitor Eneriz eta Alba Lozano izango dira horiek ikusi eta baloratzeko ardura izango duten profesionalak.

caostica 23-epaimahaia-zinea

CAOSTICA komunikabide, ikus-entzunezko ekoizpen, diseinu grafiko eta pedagogiaren arloko Bilboko profesional taldeak ekainaren 2tik 8ra bitartean ospatuko du aurten 23 urte beteko dituen Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdia. “Bilbopolis Berria Deabruaren izenean menderatzeko asmoz”, unibertso eta dimentsio paralelo orotatik aukeratutako 56 lan erakutsiko dituzte.

Bada, festibaleko arduradunek horiek ikusi eta epaitzeko ardura izango duten profesionalak aurkeztu dituzte: Alaitz Arenzana, Aitor Eneriz eta Alba Lozano.

Alaitz Arenzana

Artista eta zinemagilea, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua. 2022tik Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendaria da, eta 2018tik ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko hautaketa-batzordeko kidea da.

María Ibarretxerekin batera, Señora Polaroiska kolektiboa sortu zuen. Bikote sortzailearen lanak nazioarteko onarpena duten erakunde eta arte zentroetan ibilbidea egin du, besteak beste, Reina Sofia Museoan, CA2Mn, Artium Museoan, Guggenheim Bilbao Museoan, Leuveneko StukKulturcentrumen eta Seoul Museum of Art museoan.

Aitor Eneriz

Telebistan ibilbide luzea egin du, gidoigintzan. Aipagarriak dira ETBko arrakasta handiko saio eta telesailak: Vaya Semanita (Ondas saria 2006), Euskadi Movie, Irrikitown, Nekane Amaya, Go! azen, Ihesaldia, El día de mañana edo Irabazi Arte!. Haritz Zubillagarekin batera El ataúd de cristal (2016) film luzea idatzi du, baita gaur egun garapen fasean dauden hainbat gidoi ere. Zubillagaren  She’s Lost Control (2012) eta Norma Vilaren  Jules D. (2016) film labur sarituen egileetako bat ere bada.

2022tik Gidoi Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteko lehendakaria da.

Alba Lozano

Zinemagintzako Zuzendaritza ikasi zuen ECPVn eta UDDn (Txile), UPV/EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazio Gradua ikasten ari zen bitartean. Bere Gradu Amaierako Lana, Plunge (2018), Zinemakumeak Gara! jaialdian estreinatu zen. ESCACen Zuzendaritza Master bat ikasi zuen, eta 2023an Dokumental Masterreko beka eskuratu zuen eskola berean. 2022an Non Grata idatzi eta zuzendu zuen; 50 jaialditan hautatua izan zen eta hamabost sari irabazi zituen. Bere istorioetan naturalismoan murgiltzen da, hunkitzen duten gatazkak aztertuz, aktore profesionalen zein ez-profesionalen arteko sinergia bilatzen du.

Bere azken film laburra, Utländsk (2024), Kimuak katalogoan hautatua izan da.