Ziklo ibiltariaren baitan zinema proiekzioak, erakusketak eta hezkuntza jarduerak prestatu dituzte. Egitasmoaren helburua “itsas hondoko edertasuna eta sekretuak adin guztietako publikoarengana hurbiltzea” da.
CIMASUB – Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak hainbat herri bisitatuko ditu otsailean. 2024ko azaroaren 21etik 23ra bitartean Donostian ospatu den 48. zinemaldian ikusgai izan diren lanak Errenterian eta Amurrion erakutsi dituzte maiatza hasieran, eta datozen egunotan Zumarraga eta Astigarraga bisitatuko ditu. Egitasmoak “ikusleak sentsibilizatu nahi ditu itsas ekosistemak zaintzearen garrantziaz. Zinema-saio bakoitza eta hezkuntza-jarduera bakoitza itsaspeko mundu liluragarriari irekitako leiho bat da, ozeanoekiko eta haien biodibertsitatearekiko errespetua sustatuz”.
Ikusgai izango diren filmek arrezifeen bizitza, esploratu gabeko sakonera eta gizakien eta itsasoaren arteko harreman konplexuak ezagutzera eramango dituzte ikus-entzuleak; baita ere, itsas kontserbazioa eta jasangarritasuna ardatz, ozeanoek klima-aldaketaren, baliabideen gehiegizko ustiapenaren eta kutsaduraren ondorioz dituzten erronkei helduko diete ere; itsas hondoko edertasuna eta sekretuak argitaratuko dituzte.
Gainera, Itsaspeko Txikizikloa, Adinzikloa eta argazki erakusketa berezia ere atondu dituzte. Lehenengoari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta gazteen artean ingurumen-kontzientzia sortzea du xede, guztia giro hezitzaile eta atsegin batean. Argazki erakusketak planetako urpeko hondorik ikusgarrienak azaleratuko ditu, espezie paregabeak eta urpeko paisaia ikaragarriak erakutsiz.
Jarraian duzue egitaraua:
ZUMARRAGA (2. edizioa)
- Itsaspeko zine emanaldiak: maiatzaren 13an, 20an eta 27an, Zelai Arizti Aretoan (19:00etan).
- Argazki erakusketa: maiatzaren 13tik 27ra (C.I. Antio-La Antigua eta Zelai Arizti Kulturetxean).
- Itsaspeko Txikizikloa: maiatzaren 20an, Zelai Arizti Aretoan (10:00etan).
- Itsaspeko Adinzikloa: maiatzaren 13an, Argixao Egoitzan (17:00etan).
ASTIGARRAGA (1. edizioa)
- Itsaspeko zine emanaldiak: maiatzaren 14an, 21ean eta 28an, Erribera Kulturgunean (19:00etan).
- Argazki erakusketa: maiatzaren 14tik 18ra, Erribera Kulturgunean.
- Itsaspeko Txikizikloa: maiatzaren 19an, Erribera Kulturgunean 10:00etan).
- Itsaspeko Adinzikloa: data zehaztu gabe dago oraindik (Astigarragako Eguneko Zentroan).