Nazioarteko ekoizle eta irrati-telebista publikoetako ordezkari nagusiak bildu dituen INPUT konferentzia ospatu berri dute Bilbon, maiatzaren 3tik 7ra bitartean. Bertan, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak enteari buruz egindako adierazpenak salatu ditu Aldatu Gidoia egitasmo euskaltzaleak.
Aldatu Gidoia egitasmoarentzat EITB sortze helburuetatik aldendu da, eta, zerbitzu publikoa izateko, lan batzuk ditu premiaz egiteko: demokratizazio prozesu zintzo eta sakon bat eta norabidetze estrategiko bat. ETBko zuzendariak INPUT konferentzian egindako adierazpenen ondorioz egin dute salaketa talde euskaltzaleko kideek; izan ere, Euskalduna Jauregian egindako aurkezpenean, Iparragirrek adierazi zuen EITB taldearen ildo estrategikoak ‘euskal frame’-a, kultura, euskara eta zerbitzu publikoa direla.
Egitasmoaren iritziz EITBk, hedabide publikoa den heinean, zuzendaritza independentea behar du izan. Ez da onargarria EITBn ardura postuetan alderdien zerbitzura daudenak edo alderdietan ardura postuak izan dituztenak jartzea. Herritarren eta sorrera printzipioen zerbitzura (euskararen berreskurapenaren zerbitzura, besteak beste) egon behar du EITBk, eta hori, ezinbestean, “gobernantza eredu berri batekin” lotuta dago, “profesionaltasunean, aniztasunean, objetibotasunean eta neutraltasun politikoan oinarritutako eredu batekin”.
Aldatu Gidoiarentzat “ezin agerikoagoa” da helburu estrategikoetatik aldendu dela EITB. Salatu dute erdal erreferentziak eta marko espainiarra sustatzen direla etengabe, eta euskaldunak erdarazko katera bideratzen dituztela: “Argi eta garbi esan dezakegu ordezkapen linguistikoan eta asimilazio kulturalean sakontzen laguntzen duen tresna bilakatu dela EITB”.
Honen aurrean, eragile euskaltzalearentzat beharrezkoa da EITBren Sorrera Legea erreformatu eta demokratizazio prozesu sakon eta zintzo bat bururaino eramatea: “Era horretan soilik aldatu ahalko du norabidez EITBk; orduan solik beteko du zerbitzu publiko gisa duen egitekoa eta orduan soilik egingo du EITBn aurrera-jauzia euskarak”. “Prozesu hori gauzatu ezean”, gaineratu dute, “sorrera helburuei erantzun beharrean, beste logika eta helburu batzuei erantzuten ibiliko da EITB”.
Amaitzeko, Aldatu Gidoiak EITBko arduradunei eskatu die arreta jartzeko INPUT erakundearen Zuzendaritza Batzordeko eta Kontseiluko kide diren Flandriako, Suitzako, Kanadako edo Finlandiako irrati-telebista publikoei. Hizkuntza aniztasunari eta berezko hizkuntzen tratamenduari dagokionez, badute-eta non begiratua eta zer ikasia.