Euskal film labur onenaren saria ex aequo irabazi dute Utländsk (Alba Lozano) eta Pomo d’oro (Nerea Sciarra Calero) lanek. Ekoizpen arabarrak lehian jarri dituen BAGARE sailean Aitzol Saratxagaren Ehiza nabarmendu dute.
Vital Fundazioak antolatuta, eta Gasteizko Udalaren babespean, laugarrenez ospatu dute aurten iCOFF- Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Mundu osoko lehiaketetan saritutako, izendatutako edo parte hartutako formatu txikiko lan zinematografiko onenak erakutsi dituzte maiatzaren 5etik 10era bitartean, eta denen artean Alex Sardaren El Príncep lana nabarmendu da.
Epaimahaiak -Norma Vila zinema zuzendaria, Miguel Parra zineman espezializatutako kazetari eta film laburren zuzendaria eta Gemma Martinez zinema, antzerki eta telebistako aktorea- ekitaldiko Sari Nagusiarekin saritu du familia giroko drama hau, XVII. Gaudi Saria ere jasotzetik datorrena. Zuzendari onena Joaquín León (La sangre) izendatu dute, eta El cuento de una noche de verano idatzi duen Maria Herreraren gidoia azpimarratu dute.
Film dokumental onenaren saria irabazi du Flors de plàstic-ek (Adán Aliaga) eta animaziozko onenarena Mater Benefacta-k (Anna Solanas eta Marc Riba). Emakumezko interpretazio onenaren aitortza jaso du Izaro Nietok, Utländsk (Alba Lozano) filmean egindako lanagatik, eta hain zuzen ere euskal film labur onena aukeratu dute hau, Nerea Sciarra Caleroren Pomo d’oro-rekin batera. Ex aequo izan da ere gizonezko interpretazio onenaren errekonozimendua: Manuel Canchal, Jorge Motos eta Nacho Fresnedarentzat, José Luis Lázaroren Cólera filmean egindako lanagatik.
Ikus-entzuleek ere izan dute beren epaia emateko aukera. Daniel Sánchez Arévaloren Pipiolos lana goratu dute. Azkenik, BAGARE Saria Aitzol Saratxagaren Ehiza-k jaso du.
Edizio arrakastatsua
Sonia Pacios eta Kepa Sojo arabar zinemagile eta kultura eragileen zuzendaritzapean, “arrakastatsua” izan da 2025eko iCOFF-Gasteiz jaialdia: “OFIZIALA atalean aretoak beteta egon dira-eta. Ikusle gehienek emanaldien ondorengo solasaldiak eta protagonistekin izateko aukerak aprobetxatu dituzte. Bertako film laburren bozgorailu den BAGAREn ere jende asko bildu da, eta ia zuzendari guztiak bertaratu dira beren filmak aurkeztera, aurrez aurre edo online”.
Izan ere, zenbait berrikuntza izan ditu aurtengo ekitaldiak, eta horiek “harrera ona” izan dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Gainera, “ICOFF-ARINek, bestalde, film labur espresen filmaketak dinamizatu ditu ikus-entzunezkoen ikasleen eta 55 urtetik gorako pertsonen artean”.
Euskal Film Laburren Merkatuak, besteak beste, “profesionalen eta publiko orokorraren parte-hartze bikaina” izan duela azpimarratu dute ere. Bertan, Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak bigarrenez martxan jarri duen Euskal Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoi Lehiaketaren sariketa-ekitaldia egin dute ere. Hiru finalistak aurkeztu zituzten bertan: Desakonpasatua (Aroa Fernandez), Lezie (Itziar Hormilla) eta La Singularidad (Anny Estrada). Hain zuzen ere, azken hau izendatu dute irabazle.