Asier Urbieta zinemagile errenteriarrak “mugen absurdoaz” hitz egin du bere opera priman. 10.000 ikusletik gora bildu ditu filmak Espainiar Estatuko zinemetan, eta 2.500 pertsona baino gehiagok babestu dute Ipar Euskal Herrian.
48. Göteborg Film Festival jaialdian ikusi zuen Faisaien Irla filmak eta horren ostean, Bartzelonako D’A Film Festival eta Malagako Zinema Jaialdian parte hartu eta Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiari hasiera eman ondoren, Asier Urbietaren Faisaien irlalehenengo film luzea apirilaren 25ean heldu zen Euskal Herriko zinemetara.
Altsasu (2020) telesaila eta Pim Pam Pum (2008) film laburraren egileak errenteriarrak thriller mugalari bat izan du bere opera prima, munduko kondominio txikiena ardatz hartuta. Izan ere, burujabetza partekatua dauka Faisaien irlak: urte erdia Espaniar estatuari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bada, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa: Laida eta Sambou irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?
Kritika | ‘FAISAIEN IRLA’: Eta ardura, norena da?
Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelarre (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak, eta horiekin batera, filmean parte-hartu dute ere Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.
Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Euskara, frantsesa eta gaztelania dira entzungai lanean, eta baita mandigoa ere.
Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin.