Iragan apirilaren 26an bete zuen lehen urteurrena MAKUSIk, EITB taldearen haur eta gaztetxoentzako euskarazko streaming zerbitzuak eta unibertso digitalak. Eta ondo ospatu ere: orotara, 840.000 ordu kontsumitu dituzte haur eta gaztetxoek, euskaraz; eta 48.000 harpidedun baino gehiago ditu plataformak.

EITBk 2024ko apirilean sortutako komunitate berri honetan entretenimendua da nagusi, eta euskaraz eta modu seguruan bizi ditzakete on-line esperientziak etxeko txikienek. Izan ere, kontsumo ohitura berrietara egokitzeko erronkari heldu zion ente publikoak, baita haur eta gaztetxoen artean ere, eta bide horretan, MAKUSIk gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaini die, edukien “eskaintzarik onenarekin” eta “teknologiarik puntakoen” erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko.

Hala, MAKUSI unibertsoak bi zutabe nagusi ditu: plataforma digitala bera eta kluba. MAKUSI doako plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza bildumatzen du: marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak… eta, nola ez, ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskaintzen ditu, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere jartzen du eskuragarri. Aldiz, klubaren bidez, abantaila eta promozio ugari dituzte haurrek eskura: zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, zorion-agurren bideoan azaltzeko aukera, erabiltzaile-txartel digitala, eduki berrien eta estreinaldien newsletter bereziak… Bertako kide egitea, gainera, doakoa da.

Urtebetera, zer?

Zalantzarik gabe euskarazko doako eduki eta eskaintza onenaren inguruan komunitate sendoa sortu du MAKUSIk, jaio eta denbora gutxian, eta horren adierazgarri dira urteberen bueltan zabaldu dituzten datuak: lehen 12 hilabete hauetan 840.000 ordu baino gehiago kontsumitu dituzte gure haur eta gaztetxoek, euskaraz eta ingurune seguru batean.

Go!azen, Irabazi Arte, Dragoi Bola, Txakur Patruila, Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak eta Potx eta Lotx izan dira eduki arrakastatsuenak plataformako harpidedun diren 48.000tik gora erabiltzaileen artean. Horietako asko eta asko, gainera, klubeko kide ere badira. Zehazki, 30.733 kide ditu une honetan MAKUSI klubak, eta kopurua etengabe hazten ari dela azaldu dute.

Estreinaldi berriak

Apirileko ospakizunen ostean, maiatza ere indartsu dator MAKUSIn, bi ekoizpen propio estreinatuko baititu plataformak: Mari sorgin ehiztari fikziozko telesaila, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutakoa; eta Ameslarien banda, animazio birtualarekin landutako txotxongiloak, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat.