Sail Ofizialeko epaimahaiak Death Is A Problem For The Living (Teemu Nikki) film luzea eta Game Over (Adrian Cacciola) laburra saritu ditu. Palmares nagusiaren proiekzio bihar egingo dute, BBK Aretoan

fant epaimahaia

Bilboko Udalak FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 31. edizioko palmaresaren berri eman du gaur, udaletxeko prentsa aretoan. Aldiz, osterako aurreikusitako Alice Loweren prentsaurrekoa bertan behera utzi dute; Fantastikoaren izarra sariarekin omendu du festibalak zinemagile estatubatuarra, eta hain zuzen ere, haren Timestalker filmak itxiko du bihar 2025eko ekitaldia.

Maiatzaren 2an abiatu zuten jaialdia, eta sail ofizialean 19 film luze eta 20 labur proiektatu dituzte. Epaimahaikideek -Diana Rojo, Justo Ezenarro eta Soy Una Pringada- Death Is A Problem For The Living (Teemu Nikki) film luzea eta Game Over (Adrian Cacciola) laburra goratu dituzte. Lehena, “pelikulako gaiztoekin enpatizatzea gaizki ez dagoela ikusarazteagatik eta hainbeste deseroso sentitzeagatik”; aldiz, bigarrena, “”eguneroko edozein errutinak gure hilketa-instintuak askatu ditzakeela erakusteagatik”.

Bestetik,  Igor Salutregi Gabiolaren Presencia aukeratu dute Euskal Film Labur Onena, lanak “bitarteko handirik gabe erakusten duelako ideia on bat eta interpretazio natural bat besterik ez dela beharrezkoa istorio original bat lortzeko”.

Jarraian duzue Sail ofizialeko palmares osatua:

  • Film Luze Onena: Death Is A Problem For The Living (Teemu Nikki)
  • Film labur Onenaren Zilarrezko Méliès Saria: Game Over (Adrian Cacciola)
  • Euskal Film Labur Onena: Presencia (Igor Salutregi)
  • Zuzendari Berritzailerik Onena (FAS Zineklubak emandakoa): The Silent Planet (Jeffrey St. Jules)
  • Gidoi Onena (Euskal Gidoigileak Elkarteak emandakoa): Desert Road (Shannon Triplett)
  • Ikus-entzuleen Saria Film Labur Onenari: Una carroña (Daniel Alegrete)
  • Ikus-entzuleen Saria Film Luze Onenari: Espantho (Chito S. Roño)
  • Gazte Epaimahaiaren Saria Film Luze Onenari: Gatillero (Cris Tapia Marchiori)
  • Euskal Film Laburren Interpretazio Onena: Eguzki Zubia (Una carroña, Daniel Alegrete)

Panorama Fantastikoa atalean, aldiz, nazioarteko 10 film lehiatu dira, eta Ainhoa Urgoitiak, Gigi Romerok eta Ivan Villamelek osatu dute epaimahaia. Film luze –Keratyna (Miguel Azurmendi)- eta labur –Humanity (Tereza Kovandova)- onenak ebatzi dituzte. Bestelakoan, Europako Fantasiazko Film Labur Onenari Zilarrezko Méliès Saria eman diote Game Over-i.

Palmares nagusia bihar, larunbata, proiektatuko da, BBK Aretoan, 17:00etan Panorama Fantastiko Sailaren film irabazleak eta 19:30ean Sail Ofizialean saritutako lanak.

Euskal film laburrak sustatzen

Fantasia generoko euskarazko film labur baten ekoizpena babestu du FANTek bigarren urtez: Nitya Lopezek zuzendutako Éxodo proiektuak 5.000 euroko saria jaso du. Epaimahaiaren arabera, erabaki dute zinemagile bilbotarra laguntzea “genero fantastikoaren barruan istorio original bat kontatzen duen potentziala duen proiektu bat delako, hainbat interpretazio geruzarekin. Proiektu artistikoaren eta produkzio-proiektuaren sendotasunak, biak lurraldearekin lotuta, kalitatezko emaitza bat aurreikustea eragiten dute “.