Zazpi T’erdik ekoiztutako film luzea Atera Filmsen eskutik estreinatuko da gaur, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Datozen egunetarako hainbat saio berezi aurreikusi dituzte.

erreplika maiatza

Pello Gutierrezek bakarka zuzendu duen lehen film luzea da Erreplika, eta XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, haren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan eraikitako hausnarketa dakar: “Irudi baten ausentzia bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?”.

Donostia Zinemaldiko 72. edizioko Zinemira atalean ikusi zuen argia dokumentalak,  Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortuz. Ostean, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 66. edizioko Beautiful Docs sailean erakutsi zuen, eta Tesalonicako Zinemaldi Dokumentalaren 27. edizioan parte-hartu zuen ere, Film Forward Competition atalean.

Bada, Atera Films banatzailearen eskutik gaur izango du estreinaldi komertziala Hego Euskal Herrian zein Espainiako lurraldean, eta ondoko zinema aretoetan egongo da ikusgai:

  • Iruñea (Golem Yamaguchi)
  • Bilbo (Golem Alhondiga)
  • Bartzelona (Malda zinemak)
  • Donostia (Principe zinemak)
  • Errenteria (Niessen Zinemak)
  • Valentzia (ABC Park)

Gainera, datozen egunetan ere gozatu ahalko da Erreplika filmaz, ondoko zinemetan:

  • Bartzelona (Zumzeing zinema): maiatzaren 12an (aurkezpenarekin) eta 13an
  • Oiartzun (Landetxe Kultur Aretoa): maiatzaren 15ean (aurkezpenarekin)
  • Madril (MK2/Paz zinema): maiatzaren 17an (aurkezpenarekin) eta 18an
  • Leitza (Herri aretoa): Maiatzaren 17an eta 18an (aurkezpenarekin)
  • Azkoitia (Bazatartxo aretoa): maiatzaren 17an eta 19an
  • Bergara (Seminarixoa): maiatzaren 21ean (aurkezpenarekin)
  • Laudio (Top zinema): maiatzaren 25ean (aurkezpenarekin)
  • Tolosa (Leidor aretoa): maiatzaren  31n eta ekainaren 2an

‘Irudi hutsak’ oinarrian

Sortzaileak adierazi duenez, 1979an ermitako horma-hobian gelditu zen zuloak, “irudi huts” horrek, bultzatu du gidoia idaztera, eta duela urte batzuk zendu zen aitaren filmetara itzuli  –Zikuñagako ama (1978), bederen- eta “memoria pertsonaleko ariketa” egiteko lagungarri izan zaio, nola ez, zinema baliatuz: “Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez”.

Bada, aurreratu duenez, bere ahotsa izango du Erreplika-k gidari, eta ezagutuko ditugun protagonistek emango diote jarraipena. “Iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz”, zehaztu du donostiarrak.

KRITIKA | ERREPLIKA: Hutsuneen izaera fisiko, emozional eta kolektiboa

Filma testuinguratzeko asmoz, Zikuñagako ermita herriko paper-fabrikaren lurretan zegoela gogorarazi du Gutierrezek, eta hain zuzen ere, eraikinaren sortzaile eta zuzendaria haren aitona izan zela, Felipe. Bada, Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean aurkeztuko digun obrak bere familiaren istorioa ekarriko digu, “ustekabeko hutsune berriak” agertuko zaizkion kontakizunean, baina “pertsonaletik kolektibora” zubia eraikiz, baita herriarena ere.

Zazpi T’erdi kolektiboaren ekoizpena da Erreplika. EiTBren parte hartzea du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ondu du; proiektua hainbat foro eta laborategitatik igaro da gainera. Besteak beste, EiTB Zinebi Networking 2022 sariaren irabazlea izan da.