Aurten aurrenekoz martxan jarritako Bagare atalean “Ofiziala sailean lehiatuko ez diren baina gai interesgarriak jorratzen dituzten” lurraldean ekoiztutako lanak erakutsiko dituzte. Saioa 17:00etan hasiko da, Vital Fundazioa Kulturunean; sarrera librea da.

icoff 2025-zinea

Hainbat dira laugarren edizioa ospatzen ari den iCOFF- Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko sail ofizialean lehiatuko diren proiektu arabarrak –A-Maniki (Elixabet Núñez), Locas del ático (Tamara García Iglesias), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Plazer bat  (Sonia Estevez) eta Lo que no se ve (María Algora eta Mikel Bustamante)-, baina ez dira erakutsiko dituzten bakarrak izango.

2025eko ekitaldiko berrikuntzen artean, antolatzaileek Bagare saila iragarri zuten festibalaren aurkezpen agerraldian, non “Ofiziala sailean lehiatzen ez diren baina gai interesgarriak jorratzen dituzten Arabako film laburrak” programatuko dituzten. Bada, Gasteizekin edo Lurralde Historikoarekin zerikusia duten bost lan aukeratu dituzte jendaurrean erakusteko, eta horien sortzaileek aurkeztuko dituzte.

Gaur bertan, 17:00etan abiatuko dute saioa, Vital Fundazioa Kulturunean, eta ondoko lanak egongo dira ikusgai:

  • De chica en la máquina (Zuriñe López de Sabando)

Garai eta aro ezberdinetako hiru karta-jokalari emakumek, hiru bizitza-bide ezberdinek, Heraclio Fournierren eta inguruan izandako esperientziak kontatzen dizkigute. Nolakoak ziren haien bizitzak fabrika barruan eta kanpoan, zeintzuk ziren haien borrokak, haien irrikak, betetako nahiak eta bete gabeko nahiak. Hiru emakume, kapitalismo industrialaren garapena irudikatzen duen “makina” horretan une garrantzitsu batean okupatu zuten lekuaz hitz egiten digutenak.

  • El carné de(s) madre (Xabi Vitoria)

Kaleak jende arduragabez beteta daude eta ordena pixka bat jartzeko garaia da. Ez al duzu hala uste?

  • Exergo (Jorge Moneo Quintana)

Emakumezko ahots batek emakume gazte batek beste bati idatzitako mezu elektroniko bat irakurtzen du, nahiz eta ezin dugun ziur jakin ahots hori mezuaren igorlearena edo hartzailearena den. Bietako batek arte museo batean zaharberritzaile lana lortu berri du, besteak artista gisa bizibidea ateratzen saiatzen ari da.

  • Grecorromanos (Mikel Bustamante)

Aurelio eta Marco garapen pertsonalaren munduan murgilduta dauden gazte estoikoak dira. “Ausardiazko gizonak” izateko ahalegin izugarriak egiten dituzte, harik eta egun batean dena aldatzen den arte.

  • La mercè (Sergio Azkarate)

Mercedes, 92 urteko emakumea, Bartzelonan bizi da 16 urte zituenetik, hara joan baitzen lanera. Orain dementzia du eta ez da gai bere burua zaintzeko. Marta da bere zaintzailea. Mercedes eta Martaren bidez, zaintza-lana eta adineko helduei eragiten dieten arazoei erreparatuko diegu, hala nola nahi gabeko bakardadeari eta buruko osasun arazoak.