Apirilaren 29an deialdia itxi ondoren, Euskal Emakume Egileentzako II. Film Laburren Gidoi Lehiaketa bere fase erabakigarrian sartu da. Euskal ikus-entzunezkoen munduan erreferentziazko hiru profesionalen esku egongo da ebazpena, Izaskun Arandia, Tamara García Iglesias eta Maider Oleaga, eta irabazlea ICOFF-Gasteiz jaialdiaren sari banaketa ekitaldian iragarriko dute, maiatzaren 10ean.

Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak bigarrenez jarri du martxan Euskal Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoi Lehiaketa. Caostica eta ICOFF-Gasteiz jaialdien zein APIKA eta (H)emen elkarteen laguntzarekin antolatutako ekimena da, eta interesdunek apirilaren 29ra bitartean izan dute zabalik beren proposamenak aurkezteko epea. Bada, bere fase erabakigarrian sartu da orain deialdia: epaimahaiaren txanda da, eta aurten euskal ikus-entzunezkoen munduan erreferentziazko hiru profesional arduratuko dira lan hori burutzeaz: Izaskun Arandia, Tamara García Iglesias eta Maider Oleaga.

Zuzendariak, gidoilariak eta ekoizleak, hirurak sorkuntza garaikidearekin konprometitutako begirada espezializatutik ari dira jardunean. Jasotako proiektuak berrikusi eta hiru lan finalistak hautatzeko funtzioa izango dute, eta, hain zuzen ere, horien artean egongo da edizio honetako garailea.

Proiektu irabazlearen izena ICOFF-Gasteiz jaialdiaren sari banaketa ekitaldian jakinaraziko da, maiatzaren 10ean, 19:30ean.  Profesional sarituak, 600 €-ko ordainsaria, garaikurra, euskal ekoiztetxeen partetik gidoiaren irakurketa eta GIDOI Elkarteko urtebeteko bazkidetza jasoko ditu.