Festibalaren 73. edizioaren baitan egile estatubatuarrak sinatutako hainbat film erakutsiko dituzte. Besteak beste, William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle eta George Roy Hill zinemagileekin lan egin zuen.
Hollywoodeko urrezko aroko gidoilari handienetako bat izango da 73. Donostia Zinemaldiko Klasikoak ataleko protagonista: Lillian Hellman (1905-1984). Izan ere, festibalak iragarri duenez, Euskadiko Filmategiarekin eta Espainiako Filmotekarekin elkarlanean hari eskainiko diote atzera begirakoa, eta ohi legez, bere ibilbidearen alderdi guztiak aintzat hartuko dituen liburu bat argitaratuko dute, hiru emakumezko idazlek ondutakoa.
William Wyler –The Little Foxes (1941), The Children’s Hour (1961)-, Arthur Penn –The Chase (1966)-, William Dieterle –The North Star (1943)-, George Roy –Hill Toys in the Attic (1963)- eta beste hainbat zinemagile entzutetsuren gidoiak sinatu zituen 30eko hamarkadatik eta 60ko hamarkadara bitartean. Hala, bere obra garrantzitsua izan zen Hollywoodek bizi izan zuen bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko: hasi Depresio Handitik eta macarthismoaren sorgin-ehizara arte.
Dashiel Hammettekin harreman estua izan zuen ere (film noir generoko lan esanguratsuenen oinarrian dauden liburuen egilea), eta kredituetan azaltzen ez bada ere, ezkerreko zinemagintzaren film garrantzitsuenetako batean esku hartu zuen: The Spanish Earth (1937) dokumentalean, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoan. Joris Ivensek zuzendu zuen, eta gidoian, gainera, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleek parte hartu zuten.
Bada, irailean, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, Hellmanen lana gogoratuko dute, Klasikoak atalaren barruan. Atzera begirako honekin gidoilari estatubatuarrak utzitako ondare zinematografiko guztia eskainiz.
Leave A Comment