Taldeek maiatzaren 16an ekingo diote 3 minutura arteko obrak errodatzeari, eta maiatzaren 18ra arte izango dute horretarako aukera. Izen-emate deialdia zabalik da, hilaren 15era arte (12:00).

Bilbao hilerria II lehiaketa-zinea

Kultura-sorkuntza suspertzeko eta tokiko kultura zein ondarea sustatzeko plangintzaren baitan, Bilboko Udalak ikus-entzunezko egitasmo berezia jarri zuen iaz martxan. Udal Hilerriko ondarea oroitzeko asmoz, espazioa zinema plato bilakatu zuten. Bada, izandako arrakastari eutsiz, bigarrenez antolatu dute ‘Bilboko Hilerria’ – Film Laburren Lehiaketa.

Alvaro Perez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzi ordezkariak aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, “hilerria zinemaren bidez sustatzea eta prestigiatzea” da ekimenaren azken helburua. Bada, zehaztu du lehiaketan aurkeztutako obrek Bilbon bizi izan zen jendearen oroitzapenez betetako lekua dela aldarrikatu beharko dutela.

Parte hartu nahi duten taldeek (gehienez, 5 lagunez osatutakoak) maiatzaren 15eko 12:00ak arte dute izena emateko aukera, Bilbao Zerbitzuak web orrian, eta maiatzaren 16tik (12:00etatik) 18ra (17:00etara) gauzatuko dituzte errodajeak. Ezinbestean, antolatzaileek jakinarazitako kokalekuak sartu beharko dituzte beren obretan. Gehienez 3 minutuko iraupena izango dute, eta euskarazkoak, gaztelaniazkoak edo elebidunak izan daitezke.

Behin film laburrak sortuta, maiatzaren 29ra arte (12:00ak arte) egongo da horiek aurkezteko aukera.

Epaimahaia eta sariak

Epaimahaiburua Bilbao Zerbitzuak-eko presidente eta udaleko zinegotzi Alvaro Perezek eta zinemaren eta kulturaren munduko hainbat profesionalek osatuko dute. Hala nola,  Alvar Gordejuela, Eva Argote eta Cristina Ezquerrak.

Lan onenak 1.000 euro jasoko ditu opari, eta bigarren saria 500 eurokoa izango da. Zuzendari gazte onena ere izendatuko dute (18 urtetik beherako gaztea), eta 200 euro emango dizkiote. Ikus-entzuleek ere boto bidez aukeratuko dute gustukoena, 200 euro irabaziko dituena. Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 6an egingo da, Bilboko Hilerriko Kaperan, 19:00etan hasita.

‘Bilboko Hilerria’ – Film Laburren II. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta baldintzak ezagutu, hemen.