Zinemagile gasteiztarrak iragan martxoaren 28an estreinaturiko Una Ballena (2025) thrillerraren sortze-prozesua izango du hizpide. Saioa maiatzaren 8an egingo dute, 19:00etatik aurrera, Donostiako Tabakaleran. Aurrez, 17:00etan, filma ikusteko aukera izango da.
Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek: Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.
Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua, eta hain zuzen ere moriartitarrak izan ziren lehen gonbidatuak. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar.
Una ballena (2024), Pablo Hernando
Ingrid García-Jonsson da Pablo Hernando gasteiztarrak zuzendutako thrillerreko protagonista, eta Ramón Barea eta Kepa Errasti euskal aktoreek ere parte hartu zuten bertan. Soldatapeko hiltzaile beldurgarri baten paperean ipini zuen zinemagileak Garcia-Jonsson: Etsaiaren ingurura hurbildu ostean, arrastorik utzi gabe ihes egiteko ahalmena du. Baina botere hori kanpoko mundu batetik datorkio, izaki izugarriak bizi diren bizitoki batetik, gutxinaka gizatasuna agortzen doakiona.
Kritika | ‘UNA BALLENA’: Hiltzaile isil bat, portu-giroko negozietan kateatuta
Hernandok berak idatzi zuen filmeko gidoia, eta muntaketa-lanaz ere arduratu zen. Sara Gallego aritu zen argazki-zuzendaritzan, eta Javier Bernal izan zen jantziteria arduraduna. Soinuaren diseinatzailea Andrea Saenz izan zen, eta Xanti Salvadorrek zituen nahasketak. Amaitzeko, Izaskun González Rruccullak konposatu zuen soinu banda.
Sitgesko Zinema Fantastikoaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiaren 57. edizioan argia ikusi ostean 35. Beldurrezko Asteari amaiera eman zion Una ballenak. Berriki 41. Zinemastea jaialdian eta PreFANT zikloan pantailaratu dute ere, eta martxoaren 28an heldu zen Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Leave A Comment