faisaien irla

Zuzendaria: Asier Urbieta

Urtea: 2025:

Herrialdea: Euskal Herria

Zerutik begira ari zaigun susmo batekin hasiko da FAISAIEN IRLA. Heriotza da, patu saihestezina. Stanley Kubricken The Shining (1980) beldurgarriari keinu eginez, Bidasoako erribera ezagutuko dugu, hor behean, autoak hara eta hona doazen bitartean. Ibaiaren sigi-sagak segituko ditugu filmari izena ematen dion uhartera iritsi arte; otsailaren 1a da, eta munduko kondominio txikiena Espainiako estatuari dagokio datozen sei hilabeteetan. Argazkilari batek hilotza aurkitu du harroketan botata.

Norte Salvaje (Paula Iglesias, Marta Gómez eta Ana Serna, 2021) eta Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023) dokumentalek erretratatutako problematikari jarraipena emanez, fikzioaren moldeetatik iritsi da Frantziarako bidea hartzen duten etorkinen errealitatea mahai gainean jartzea helburu duen lan berriena. Asier Urbieta zinemagile errenteriarrak zuzenduta, Faisaien uhartean itotzear diren bi gazteren presentziak eztandaraziko du istorioa. Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bistaratuko dituzte, lur zati historikotik bertatik paseatzen ari diren bitartean, eta guztiz bestelako erabakiak hartuko dituzte: emakumea horiek erreskatatzeko inpultsoa du, gizona geldi geldituko da.

Thriller generoaren elementu eta kodeak erabiliz -desagerpena, ikerketa, barn-gatazka…- bi protagonistengan jarri du fokua zinemagileak, tentsioa eta drama, baina batez ere, hausnarketa eragiteko asmoz. Nola jokatu beharko genuke? Zer egingo genuke pertsona bat itotzen ari dela ikusiko bagenu? Horiei muga zeharkatzen laguntzeko prest al gaude? Bada, subjektu aktiboak gara, ala ikusle soilak? Erantzunik ez digu emango Urbietak, gugan errotutako jokamolde arrazistak zorrotz erakutsi baizik: Zarama musika-taldearen Iñaki abestiarekin emango diote ongietorria Sambouri gabon garaian. Herriko Baltasan Errege Magoa interpretatuko du, gainera. Jendarmeek identifikatu egingo dute Santigo zubia igarotzean, eta Laida bikoteak aurpegiratu egingo dio ibaira salto egin ez izana.

Eremu naturalen errodatuta, paisaiaren handitasunak txiki utziko du giza presentzia. Salatu nahi duen errealitatearen metafora argia da uhartea bera (“mugen absurdoaz hitz egingo du pelikulak”)-, Hendaia eta Irunen arteko ez-tokia, eta balio sinboliko handia dauka. Hala, ingurune naturala erakusteko moduak Andrey Zvyagintsev zinemagile errusiarraren poetika bisuala gogora dakar, batez ere, Leviathan (2014) eta Loveless (2017) lanetakoa; azken honetan ere, desagerpen bat da istorioaren motorra, giza jokamoldeez eta erretratatuko herrialdeaz zorrotz aritzeko aitzakia.

Bada, FAISAIEN IRLAk Bidasoa ibaia zeharkatzeko ahaleginetan direnen odisea traumatikoa erretratatu baino, gizabanakoon ardura indibidual eta kolektiboaren arteko kontraesanak utziko ditu agerian Urbietak, erakundeek auziari soluzioa emateko duten ezintasuna salatuz; horien utzikeria eta interes ezak giza eskubideen urraketa larria dakar.