Asier Urbieta zinemagile errenteriarrak “mugen absurdoaz” hitz egingo du bere opera priman. Datozen egunetan hainbat emanaldi berezi egingo dituzte, filmaren lan-taldearekin batera.
Malagako Zinema Jaialdian parte hartu eta Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiari hasiera eman ondoren, Asier Urbietaren Faisaien irla lehenengo film luzea gaur iritsiko da Euskal Herriko zinemetara. Donostiako Principe aretora, gainera filmaren lan-taldea gerturatuko da 19:30eko eta 21:30eko emanaldien osteko solasaldietan parte hartzera.
Datozen egunetarako ere, hainbat saio berezi aurreikusi dituzte:
Apirilak 26an, larunbata:
- 19:30ean, Lekeition (Ikusgarri zinema)
- 19:15ean, Zarautzen (Modelo aretoa)
Apirilaren 27an, igandea:
- 19:30, Errenteria (Niessen Zinemak)
Apirilaren 30ean, asteazkena:
- 19:00etan, Durangon (Zugaza Zinema)
Maiatzaren 1ean, osteguna:
- 17:30ean eta 19:45ean, Gasteizen (Florida Zinemak)
Maiatzaren 3an, larunbata:
- 19:30ean, Lazkaon (Areria aretoa)
Urbietak “mugen absurdoaz” hitz egingo du bere opera priman, munduko kondominio txikiena ardatz hartuta. Izan ere, burujabetza partekatua dauka Faisaien irlak: urte erdia Espaniar estatuari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bada, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa: Laida eta Sambou irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?
Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelarre (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak, eta horiekin batera, filmean kolaborazio berezia egingo dute Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.
Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta baita mandigoa ere.
Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin.