Lergako biztanleek elkarlanean ondutako Kukuaren Kanta, Cambium (Maddi Barber eta Marina Lameiro), Errotatiba (Iratxe Fresneda) eta Locas del ático (Tamara García Iglesias) lanak eskainiko dituzte Competición Nacional sailean.
Madrilgo Cineteca espazioak maiatzaren 6tik 11ra bitartean ospatuko duten Documenta Madrid jaialdiaren 22. edizioa aurkeztu du. Astebetez, nazioarteko film dokumental onenak erakutsiko dituzte Cinetecan bertan, baina Reina Sofía Museoan, Espainiako Filmotekan, ECAM zinema eskolan, La Casa Encendida gunean eta Casa de México Fundazioan ere bestelako errealitateak eta narratibak ezagutzeko aukera egongo da.
Luis E. Parés zinema programatzaile, ikerlari eta zinemagilearen gidaritzapean, hautaketa-batzordeak egitarau zabala prestatu du, lehian izango diren 25 filmak hiru sail ofizialetan banatuz. Bada, Espainiako lurraldeko lanen atalean hainbat dokumental euskal herritar aukeratu dituzte.
Batetik, Hiruki Filmak ekoiztetxearen proiektua den Kukuaren Kanta film labur komunitarioa sartu dute, Lerga herri nafarreko biztanleek elkarlanean sortutakoa. Berau, Maddi Barber eta Marina Lameiroren Cambium obrarekin batera erakutsiko dute. Nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzetik dator, hala nola, Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edota Rencontres Internationales Paris/Berlin ekitaldietatik, eta 2025eko Punto de Vista jaialdian ere ikusteko aukera izan dugu. 2021ean elkarrekin zuzendutako Paraiso lana berrartuz, eta hau bigarren zati batekin osatuz, Nafarroako Pirinioetako komunitate batengana hurbildu gaituzte, 1960ko hamarkadan Artzibarko herriak hutsik geratu ondoren bertan landatutako pinuak bi hamarkada geroago mozteko erabakia abiapuntu hartuz genuen (jarraian duzue kritika).
Bestetik, 2024ko KIMUAK bilduman txertatutako Errotatiba egongo da ikusgai, Iratxe Fresnedak zuzendutakoa. Ohikoa duen materialtasun fisikoari helduta, arrigorriagarrak oroimenaren eta erregistroaren ideiari bueltaka ondu du bere ez-fikziozko lana: pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak bezala, lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, betiko ezer ez delako. Urak ekartzen duena, urak eramaten du (jarraian duzue kritika).
66. ZINEBI jaialdian ere erakutsi zuten Errotatiba, eta hain zuzen ere, bertan estreinatu zuen Tamara García Iglesiasek Locas del ático lana. XX. mende hasierako artxibo bisuala -argazkiak lehenik, garaiko film mutuak gero- arakatu ditu ‘histeria’ gaixotasun asmatuari buruz jarduteko. Charcot doktoreak emakumeei ateratako erretratuak ditu abiapuntu, eta gerora zinemagintzan ‘emakume zoro’ delakoen errepresentazioan zein eragin izan duen aztertuko du off ahots narratzaileak gordin. Betiere, gizonezkoen begirada kritikatuz, gaixotasuna eta gerora etorri dena horien eraikuntza eta objektualizazioa dela salatu du genuen (jarraian duzue kritika).
2025eko Documenta Madrid jaialdiaren egitarau osoa, hemen.