EAVE – European Audiovisual Entrepreneurs erakundearekin hainbat urtez lankidetzan aritu ondoren, 2025eko Workshop ekimena Gasteizen egiteko akordioa erdietsi du Zineuskadi Elkarteak. Ekainaren 23etik 30era egingo dute, eta maiatzaren 19ra bitartean aurkez daitezke proiektuak.

Ekoizleei zuzenduriko erakundea da EAVE (fikzio, dokumental eta telesailen egileeak). Dagoeneko zinema- eta telebista-industrietan lanean ari diren, eta beren funtzionamendua nazioartean zabaldu nahi duten profesionalak biltzen dituzte, Europan ekoizteko eta koproduzitzeko gaitasuna handituz eta Europako sare profesional europarra sortuz. Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan aritu da Zineuskadi eragiletzan, eta guztien ekarpenari esker finkatu dute eszenatokia.

Bada, bi aukera desberdin diseinatu dituzte euskal ekoizleak EAVE Producers Workshop-en parte hartzera bultzatzeko:

  1. Bertako ekoiztetxeentzako saio irekietara joateko aukera. Oraindik ordu zehatzak argitu ez dituzten arren, egunero saio irekiak izango dira, eta ekoiztetxe guztiek parte hartu ahal izango dute horietan. Egutegia jaso bezain laster, helaraziko dizuegu.
  2. Workshop ekintza nagusian 6 euskal ekoiztetxe sartzeko aukera izango da. Enpresa bakoitzak ordezkari bat bidali ahal izango du asteko jarduera guztietara.

Nola parte-hartu?

Honako informazioa aurkeztuta:

  • Gehienez ere 8 orrialdeko Minikit bat (proiektuaren informazio fitxa -EAVEren eredua-; sinopsia, aurrekontu orria; finantzazio-plana; ekoizlearen asmo-oharra; zuzendariaren asmo-oharra; ekoizlearen CVa; zuzendariaren CVa; enpresaren profila; zuzendariaren aurreko lanen lagin bisuala).
  • Proiektuaren tratamendua edo gidoia.
  • Parte-hartzailearen harremanetarako informazioa eta infobookerako erretratu-argazkia.

Informazio guztia ingelesez bidali behar da, maiatzaren 19a baino lehen, info@basqueaudiovisual.eus helbidera. Proiektuen hautaketa maiatzaren 26an jakinaraziko da.