Zineuskadi elkarteak fikzio eta animaziozko film luze zinematografikoen eta sormenezko dokumentalen sustapenerako eta publizitaterako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak eman ditu argitara. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 19ra arte luzatuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko zinema aretoetan estreinatu diren fikziozko eta animaziozko zinemarako film luzeen eta sorkuntza-dokumentalen sustapenerako eta publizitaterako laguntzak arautzen ditu Zineuskadi Elkarteak argitara eman duen deialdiak. 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra estreinatutako fikziozko eta animaziozko film luzeek zein sorkuntza dokumentalek har dezakete parte.
Jasotako laguntza proiektuaren kopiak eta publizitate gastuak estaltzera bideratu beharko dute hartzaileek, eta horretarako, 150.000 euroko aurrekontua prestatu du Jaurlaritzak. Proiektu bakoitzak, dena den, atal horietan egindako gastuen % 50 arte jaso ahal izango du, edo 35.000 € fikziozko eta animaziozko filmen kasuan, eta 12.000 € sorkuntza dokumentalenean. Aldiz, euskarazko ekoizpenek zenbateko hori gainditzeko aukera izango dute. Izan ere, laguntzetara bideratutako guztizko kopuruaren %30 (45.000€) gordeko da hautatutako ekoizpenen artean jatorrizko hizkuntza euskara duten lanen artean banatzeko.
Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, 2025ko apirilaren 16etik maiatzaren 19ra, eta elkarteak galdatutako agiriak info@zineuskadi.eu helbidera bidali beharko dira. Balorazio batzordea Zineuskadiko presidenteak (Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapenerako Zuzendariak edo haren ordezkariak), eta Zineuskadiko lan-taldeko kide batek osatuko dute; eta, kontuan hartuko dituzten irizpideen artean dira proiektuaren genero ikuspegia, sustapena eta publizitatea egiteko ahalegina, filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatu izana, eta giza baliabide eta enpresa bitartekoak.
Xehetasun gehiago, HEMEN.