Zinemaldi bilbotarraren 31. edizioko irekiera-ekitaldian pantailaratuko dituzte obrak, maiatzaren 2an, Campos Eliseos Antzokian; saioa 22:30ean hasiko da. Aurretik, Babak Anvar zuzendariaren Hallow road thriller psikologikoa emango dute.
Maiatzaren 2tik 10era ospatuko dute FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 31. edizioa, sail ofizialean 19 film luze eta 20 labur proiektatuko dituzte; Panorama Fantastikoa atalean, aldiz, nazioarteko 10 film lehiatuko dira.
Campos Eliseos Antzokian emango diote hasiera 2025eko ekitaldiari, eta kasurako, Babak Anvar zuzendariaren Hallow road thriller psikologikoa aukeratu dute. 19:30ean proiektatuko dute, eta gero, euskal film laburrak pantailaratuko dituzte, 22:30ean.
Jarraian dituzue sail ofizialeko 10 euskal film laburrak:
- A-Maniki (Elixabet Nuñez)
Mundu digitalaren aurrean zailtasunak dituen adineko emakume bat desagertu egin da bere inguruko gizartearen aurrean.
- Una carroña (Daniel Alegrete)
Bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, Pablo esnatu egiten da zerbait oso gaizki atera dela deskubritzeko: bere gorputza hilda dago, baina bere buruak bizirik jarraitzen du. Gurasoek, beragandik geratzen denari helduta, etxean zaintzea erabaki dute. Hala ere, bere gorputzaren deskonposizio geldiezina aurrera doan bitartean, bere mina eta tristura gero eta higuingarriago bihurtzen dira, bizirik lurperatu beste erremediorik ez duten arte.
- Deja de hablar (Laura Guerricaechevarría)
Gure pertsonaiak hirurogeita hamarreko hamarkadan ainguratutako apartamentu zahar batean bizi dira. Gainbeherak hartu du lekua, eta amak eta alabak euren bizitzaz jabetu den isiltasunari egiten diote aurre. Protagonista hesi hori hausten saiatzen da, bere bizitzan zehar oinazetu duen emozio oro amarengana irauliz eta aita gupidagabearen oroimena aldarrikatuz. Erantzun gisa lortzen duen guztia begirada estatikoa eta hutsune handia da.
- Ehiza (Aitzol Saratxaga)
Euskal Herria, XIX. mende amaiera. Herrixka txiki batean, Mateo erretorea desagertu egin da arrastorik utzi gabe. Bertakoen amen-omenen aurrean, Artzapezpikutzak bi apaiz bidaltzen ditu gertakarien egia iker dezaten.
- Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra)
Ingurumen krisia dela eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatzen da bizitza berrira. Pribilegiatuak carpe diem pentsakizunari lotuta, bizirauteari eutsi nahian besteak. Zer da etorriko dena? Besterik ezean, zerbaitek salbatuko gaitu?
- Gizaki (Xanti Rodríguez)
Kana, gazteen desioetatik bidaiatzen duen izaki xamur batek, arazo bat duen lagun bati laguntzen dio bere subkontzientean sakonduz, non ezer ez den itxura duen bezala.
- Hotz (Lander Castro)
Gizon bat eta haurdun dagoen emakume bat elurtutako baso bat zeharkatzen ari dira, krimen traumatiko batekin erlazionatutako iragan ilunetik ihes egin nahian, baina hark zuhaitzen artean ezkutatuta itxaroten die, galarazteko erabakia hartuta.
- Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano)
Mario zientzialaria da, eta esperimentuak egiten ditu elikagaien ikerketako zentro aurreratu batean, Karla lankidearekin batera. Langileentzako ingurumen-politika berriak jasanezinak bihurtzen direnean, Juanarenera (bere nagusia) joango da.
- Presencia (Igor Salutregi Gabiola)
Ana Marik 109 urte ditu, eta duela 30 urte baino gehiago ikusmenaren % 100a galdu zuen erretinosi pigmentarioaren ondorioz. Bakarrik bizi da antzina-antzinatik, eta bakardadeari denbora-pasa berezi batekin egiten dio aurre. Jendeari deitzen dio hitz egiteko, hitz egin eta hitz egin. Aholkuak ematen dizkie hobeto senti daitezen. Dirudienez, luzaroan jarraituko du horrela.
- Tragedium (Gastón Haag)
Konpondu gabeko zor bat eta asuntoaz arduratuko diren hiru matoi. Hala ere, gertatzekoa dena ez da aurreikusi bezala aterako.
Sariak
Sail ofizialeko 10 euskal film laburrak hauek Aktoreen Batasunak emandako Interpretazio Onenaren Sarirako hautagaiak izango dira.
Gainera, film laburren sail ofizialean lehiatuko diren gainerako obrek bezala ondoko aitortzak jaso ahalko dituzte: Publikoaren Saria Film Labur Onenari, Epaimahaiaren Sariak Nazioarteko Film Labur Onenari eta Sail Ofizialeko Euskal Film Labur Onenari, eta Panorama Saileko Epaimahaiaren Film Labur Onenen Saria.