Maiatzaren 1etik 11ra bitartean ospatuko dute Lisboako Nazioarteko Zinema Festibala. Donostian kokatutako zinema eskolan ondutako dozena erdi bat lan hautatu dituzte bertan erakusteko.

Zazpi urte daramatza Elías Querejeta Zine Eskolak indarrean, eta bertan garatu dituzten proiektuak bateko zein besteko zinema jaialdi eta merkatuetan gero eta presentzia handiagoa izaten ari dira. Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “gero eta eskolako profesional gehiago parte hartzen hari dira nazioarteko zinema-festibaletan […] martxan jarri zenetik egiten ari den lan onaren seinale oso positiboa da hori. Lurraldeari dagokionez, oso garrantzitsua da ikasleek beren ezagutza zinematografikoak finkatzeko eta prestatzen jarraitzeko aukera izango duten zentro bat izatea”.

Bada, jakinarazi dutenez, maiatzaren 1etik 11ra bitartean ospatuko duten IndieLisboa – Lisboako Nazioarteko Zinema Festibalean ere EQZEko ikasleen dozena erdi bat lan egongo dira ikusgai.

Batetik, Rokaldameko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu ondoren, Jaume Claret Muxarten La nostra habitació film laburra aukeratu dute; bestetik, Maria Inês Gonçalvesen La durmiente eta Paula Tomás Marquesen Duas vezes João Liberada, Lehiaketa Nazionaleko programazioaren parte izango dira. Atal honetan, Stephanie Ricciren Quem se Move lanak ere parte hartuko du, eskolara sartu aurretik egindako film laburra denak.

Gainera, IndieLisboa Lab jaialdiaren mentoretza espaziorako EQZEko ikasleen garapenean dauden bi proiektu aukeratu dituzte: María Novoren Pela Boca Morre o Peixe eta Stephanie Ricciren Eu Tenho Pavor da Velhice.