Irailaren 3tik 6ra, inoizko ediziorik arrakastatsuena ospatuko du Animadeba jaialdiak. 1410 film laburretik gora jaso ostean, Debako herritarrek osatutako hautaketa batzordea martxan da filmen aukeraketa lana egiteko.
Talentu berriak babestu eta sortzaileak nazioartean sendotzen laguntzeko plataforma gisa dihardu Animadeba – Debako Animazio Zinemaren Jaialdiak. 18 urteko ibilbidea du bizkar gainean dagoeneko, eta indartsu dator. Irailaren 3tik 6ra bitartean ospatuko dute aurtengo edizioa, inoizko deialdi arrakastatsuenari aurre egin ostean.
Edozein genero, gai edo herrialdetako animaziozko film laburrek parte hartu ahal zuten bertan, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak baziren. Piezek gehieneko 20 minutuko iraupena izan zezaketen, eta baldintza ezinbestekoa zen gaztelaniazkoak ez diren film laburren bertsio originalak hizkuntza horretan azpititulatuta aurkeztea.
Bada, materialak bidaltzeko azken eguna 2025eko apirilaren 1ean finkatu zuten, 1410 film labur baino gehiagok eman dute izena. Debako herritarrek osatutako hautaketa batzordearen txanda da orain, filmak ikusi eta hautatuen zerrenda ebatzi behar baitute. Hala, Sail Nagusian parte hartzeko aukeratzen diren lanek 500 euroko saria jasoko dute hautatuak izateagatik. Zenbateko hori behin jaialdia amaitu eta gero ordainduko da, izen-emate inprimakian adierazitako kontuan.
Eta berean, hautatutako film labur guztiak hiru sari jasotzeko hautagaiak izango dira; film labur onenaren saria, gidoi onenaren saria, ikus-entzuleen saria. Sail ofizialaz gain, Zuzendari Berriak UPV-EHU eta Panorama atalak ere izango ditu 18. Animadeba festibalak.