Donostia Zinemaldiak ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak txertatzen dituzten proiektuak biltzeko asmoa duen urteroko deialdia zabaldu du. Izena emateko epea ekainaren 2an amaituko da.

zinemaldia startup challenge-zinea

Zinemaldia & Technology ekitaldiaren esparruan kokatzen da Zinemaldia Startup Challenge ekimena, Donostia Zinemaldiaren apustu estrategikoa gisara, eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko jomuga du.  Era berean, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ ekimenaren –‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ delakoaren ardatzetako baten– jardueretako bat da.

Bada, lehiaketa honetara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte: ekintzaile batetik edo duela gutxi sortutako –hots, 2019ko abenduaren 31ren ondoren eratutako– startup batetik abiatzea, zer garapen-fasetan dagoen alde batera utzita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera kontuan hartzea.

Hautatutako proiektuak irailaren 25ean Donostia Zinemaldian garatuko den Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira. Are, jardunaldi horretan, sektoreko profesional garrantzitsuen arteko hitzaldi bat ere antolatuko dira, gaurkotasuna duten gaiei buruzkoak. Berrikuntza gisa, hautatutako proiektuek balizko bazkideekin biltzeko aukera izango dute aurten.

Halaber, adituen batzorde batek –TECNALIAko, Vicomtech-eko eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako profesionalek osatua– hamar proiektu finalista aukeratuko ditu, horietako bost Espainiakoak eta beste bost Europako gainerako lurraldeetakoak, eta urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo Business Innovation Centerretako batean inkubazio-gune bat doan eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, 500.000 €- arteko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko.

Era berean, bi epaimahaik 10.000 euroko bi sari emango dituzte Europako eta Estatuko proiekturik onenarentzat. Bestalde, hirugarren epaimahai batek 3.000 euroko aipamen berezia emango du, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzarekin lotutako balioak aitortzeko.

Ekainaren 2an finkatu dute izena emateko epemuga. Proiektuak aurkezteko jarraitu beharreko arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.