Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetako 1 aretoan pantailaratuko dituzten filmak ikusteko sarrerek 5 euro balio dute; kazetariek prentsa-akreditazioa eskatzeko aukera dute ere. Gaur jakinarazi dutenez, Eva Llorach aktoreak hirugarren Ohorezko FANT Saria jasoko du.
FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 2025eko maiatzaren 2tik 10era ospatuko du 31. edizioa. Atzo aurkeztu zuten Bilboko Udalak antolatutako zinemaldiak astebetez hiriak hartuko dituen emanaldi eta jardueren egitaraua, eta gaur, sarreren salmenta abiatu dute.
Sail ofizialean 19 film luze eta 20 labur proiektatuko dituzte; Panorama Fantastikoa atalean, aldiz, nazioarteko 10 film lehiatuko dira. Horiek Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetako 1 aretoan egongo dira ikusgai, eta herritarrek 5 euro ordaindu beharko dute saio bakoiztera bertaratzeko. Cine Club FAS, Azkuna Zentroa, El Correoko harpideduna edo Club Campos Elíseoseko txartela dutenentzat euro bat merkeago izango dira txartelak.
Campos Eliseos Antzokian, Babak Anvar zuzendariaren Hallow road thriller psikologikoak abiatuko du 2025eko FANT jaialdia, 19:30ean, eta gero, euskal film laburrak pantailaratuko dituzte: A-Maniki (Elixabet Nuñez), Una carroña (Daniel Alegrete), Deja de hablar (Laura Guerricaechevarría), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Gizaki (Xanti Rodríguez), Hotz (Lander Castro), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano), Presencia (Igor Salutregi Gabiola) eta Tragedium (Gastón Haag). Jakianrazi dutenez, gainera, ekitaldian Eva Llorach aktoreak hirugarren Ohorezko FANT Saria jasoko du.
🏆 Beste sari bat iragarri behar dugu! Eva Llorach aktoreak #FANT31 Jaialdiaren hirugarren Ohorezko FANT saria jasoko du.
✨ #FANT Jaialdiaren hasiera ekitaldian jasoko du saria (maiatzak 2, @teatrocampos). pic.twitter.com/4ccC9r3a9P
— FANT Film Fest (@FANTBilbao) April 16, 2025
Bestalde, bukaera-galarako, Fantastikoaren Izarra Saria jaso duen Alice Lowe zuzendariaren Timestalker filma aukeratu dute; BBK Aretoan egongo da ikusgai. Bi hitzorduetarako sarreren prezioa ere 5 eurokoa izango da, palmaresaren proiekzioena bezala. Aldiz, bateko zein besteko jarduerak eta emanaldiak egingo dituzte Golem Alhondiga zinemetako 2 aretoan, eta horiek doan izango dira, edukiera bete arte.
Akreditazioak
Jaialdiaren jarraipena egin nahi duten komunikabideentzako akreditazio eskaera-epea zabalik da ere, apirilaren 29ra arte. Prentsa txartela eskatu nahi duten kazetariek akreditazioakprentsa@bilbao.eus helbidera mezu elektronikoa bidali beharko dute ondoko informazioa zehaztuz:
- Eskatzen duen komunikabidea edo gizarte-komunikabidea
- Eskatzen duenaren izen-abizenak
- Eskatzen duenaren harremanetarako telefonoa
- Eskatzen duenaren harremanetarako posta elektronikoa
- Eskatzen duen komunikabidearen webgunea
- Zinemaldiari buruzko aurretiazko informazioarekin estekak
Leave A Comment