Ahots eta narratiba berriak bilatzen dituzten enpresa ekoizleen arteko topagune gisa sortu zen Talentuaren Gunea egitasmoaren edizio berri bat hartuko du Euskadiko Parke Teknologikoak (Gasteiz), datorren maiatzaren 30ean. Parte-hartzea zabalik da, eta apirilaren 25ra arte jasoko dituzte proiektuak.
Zineuskadiren eta Basque. Audiovisual. euskal ikus-entzunezkoen sektorearen nazioartekotzearen atzean dagoen marka komertzialaren eskutik, 2023an ospatu zuten lehenengoz Talentuaren Gunea egitasmoa, ahots eta narratiba berriak eta talentu berriak bilatzen dituzten enpresa ekoizleen arteko topagune gisa. Izan ere, plaza berritzaile honen helburua da industrian lehen urratsak ematen dituzten profesionalei topagune bat eskaintzea eta, horretarako, pitching saioak antolatzen dituzte, aurrez aukeratutako proiektu sorta bat ezagutarazteko.
Bada, maiatzaren 30ean, ostiralez, ospatuko dute 2025ko edizioa, Gasteizen kokaturiko Euskadiko Parke Teknologikoan. Aurten ere, kategoria bakoitzerako epaimahaia izango da, eta publikoarekin sustatuko den elkarrekintzak bermatuko du ekitaldi honetan beharrezkoa den feedback kritikoa. Epaimahai hori sektoreko funtsezko eragileek osatuko dute, zeinak nazioko eta nazioarteko merkatuetan zein laborategietan jarduten duten, sortzen ari den talentua ezagutzeko eta atzemateko. Gainera, ekoizle euskaldunak ez ezik, Estatu mailakoak ere gonbidatu dituzte pare-hartzera.
Ekimena EQZE, ECPV, ESCIVI, Digipen, UPV/EHU, NOKA, AUKERA, 2DEO SERIES, MU eta Euneiz erakunde eta egitasmoarekin elkarlanean eramaten dute aurrera eta, hori dela eta, hirugarren edizioa izango den honetan, eskola edo erakunde horietako ikasle edota ordezkariek bakarrik aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak.
Arestian aipatu bezala, datorren apirilaren 25era bitartean aurkez ditzakete beren proiektuak, izan fikziozkoak, animaziozkoak edota dokumentalak. Hautagaiek euskaraz eta gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu beharko dituzte eskatutako agiriak, eta ziurtatu beharko dute epaimahaiarentzat gutxienez bertsio ulergarri bat dagoela, bertako eta nazioarteko kideak baititu. Erakunderen batek baldintza hori betetzeko zailtasunak baditu, ahalik eta lasterren antolakuntzarekin harremanetan jar dadin eskatu dute, irtenbideak eta epeak aztertzeko.
Aurkeztu beharreko agirien zerrenda eta baita xehetasun gehiago ere, HEMEN.
Leave A Comment