Zuzendaria: Gerard Oms
Urtea: 2025
Herrialdea: Espainia
2008a urte mugarria izan zen, burbuila ekonomikoaren eztandak atzeraldi sakonean murgildu baitzuen gizartea. Ondorioak ez ziren soilik diru-arloan antzeman; giza eskubideetan, lan-baldintzetan, eta balore sozial nahiz humanitarioetan ere eragin zuen. Gizarte-klaseen arteko arrakala sakondu egin zen, eta herritar asko bizimodu duin baten bila atzerrira jo beharrean izan ziren; Europak migrazio uholdea bizi izan zuen, bereziki Mediterraneo inguruko herrialdeetatik iparraldera.
Gazte horietako bat izan zen Gerard Oms kataluniarra: jaioterria atzean utzita, Herbeheretara egin zuen apustu, eta orain, esperientzia pertsonal horretan oinarrituta sortu du MOLT LLUNY / MUY LEJOS, bere lehen film luzea.
Futbol partida bat ikusteko asmoz Utrechtera joan eta, ustekabean, bertan geratzea erabakiko duen Sergio da istorioko protagonista. Dirurik gabe eta tokiko hizkuntza menderatu gabe biziraun beharko du errealitate arrotz batean. “Latinoa” izateagatik aurreiritziak eta mesfidantza pairatuko ditu; logela bat alokatzea zaildu egingo zaio, inork ez baitu hura etxean hartu nahiko. Altzari-garraioan arituko da sos batzuk irabazteko, baina berarekin zama-lanetan dabiltzan beste langileen erruz kaleratuko egingo dute, lapurreta egotzita. Gero, jatetxe bateko sukaldean hasiko da, baina inspektoreek atxilotu egingo dituzte nortasun-agiririk gabeko bere lankideak. Atzerritarrak dira denak, baina batzuek besteek baino “pribilegio” gehiago dituzte antza.
Nolabait, 72. Donostia Zinemaldiko lan miretsienetako batekin, On Falling filmarekin, lotura estua du MOLT LLUNYk. Biak dira zinema sozial garaikidearen adibide sendoak, kapitalismo basatiaren ondorioz sortutako desoreka eta sufrimenduaren erretratuak. Laura Carreira portugaldarrak bere opera priman bezala, Omsek ere langile-klasearen eta migratzaileen bizipen latzak jarri ditu erdigunean, belaunaldi oso bat prekarietatera kondenatua dagoela iradokiz. Bada, filmak Europar Batasunaren “eredu demokratiko eta integratzailearen” ahuleziak agerian utziko ditu. Arrazakeria, xenofobia eta klasismoa normaltzat hartu dituen gizarte ustez aurrerakoian kokatu gaitu, era berean, proiektu politikoaren jatorrizko baloreak zalantzan jarriz. Eta gizarte horren isla da, ezinbestean, gizabanakoa.
Omsek film pertsonala eta intimoa sortu du, bere esperientziari fidel. Izan ere, bere alter egoa da Sergio protagonista, Mario Casasek haragitutakoa. Malagako Zinema Jaialdian gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen iragan martxoan, eta ez da harritzekoa, orain arte ezagutu diogun interpretazio sentikor eta bikainena ekarri baitigu. Bere lan fisikoak sinesgarritasuna ematen dio pertsonaiaren barruko gatazkari, filmaren ardatz emozionala izanik: Sergio, hasiera batean, futbolzaleen “gizontasun” oldarkor eta zaratatsuaren arketipo gisa aurkeztuko zaigu; zerbeza eskuan, emakumeekin ligatzeko ahaleginetan, gerora, egingo dituen lagun marokoarrei irainak botaz eta pisukideari mespretxua adieraziz.
Baina maskara horren azpian dagoen “nia” interesatuko zaio zinemagile kataluniarrari, haren barne gatazka existentziala. Dagoeneko ez da unibertsitatetik irten berri den gaztea, baizik eta gizon heldu bat, bere baitan harrapatuta sentitzen dena; iraganarekin hautsi behar du, baina ez daki nola. Hala, Omsek maila bisualera eramango du barne gatazka: Sergioren gorputza bihurtuko da borrokaren agertoki (antsietatea, dardarak, larritasuna), eta zinemagileak erabakitako plano itxiek haren itolarri emozionala proiektatuko dute. Bada, kamera urduriaren erabilerak errealismo tonua emango dio filmari, eta Utrechteko kale gris, euritsu eta hotzetan barrena, ikus-entzulearekin enpatizazio zintzoa bilatuko du. Pixkanaka-pixkanaka, urte luzez isilik egon ondoren sentimenduak adierazteko norbanakook izaten ditugun zailtasunez jabetuko gara. Omsek fintasunez biluziko ditu protagonistaren (eta propio beraren) beldur eta inseguridadeak; estigma sozialek altxatutako harresiek zaurgarri eta txiki bilakatuko dute hura.
Funtsean, nor den galdetzeko aukerarik izan ez duen gizona da MOLT LLUNYko protagonista, azkenerako eztanda egingo duena. Eta, haren moduan, tolerantzia, elkartasuna eta kulturartekotasuna aldarrikatzen dituen Europar Batasunak ere bere burua deseraiki beharra daukala ohartarazi nahi digu Omsek, bere identitatea birdefinitu. Aldaketa, ordea, norbere barruan hasten da: gizarte justuago bat nahi badugu, lehenik eta behin, geure burua entzuten, errespetatzen eta baliozkotzen ikasi behar dugu.
Leave A Comment