Noka Ekoizpenaren bigarren modulua Bilboko Artxibo Historikoan egin zen joan den ostiralean. Bertan, parte-hartzaileek filmen gidoiaren idazketan trebatzeko aukera izan zuten.
Una ballena (2025) filmaren jasangarritasunaz arduratu den Maria Lopezek profesionalak gidaturiko ‘Iraunkortasuna bai idazketan eta bai zineman’ izeneko saioak eman zion hasiera jardunaldiari. Izan ere, aipaturiko hori da gure lurraldean filmaturiko %100 jasangarria den lehen filma. Era berean, parte-hartzaileek beren gidoien idazketan sakontzeko aukera izan zuten, programa hasi aurretik aurkeztutako gidoietan hobetu beharreko alderdiak aztertuz. Bestalde, parte-hartzaileak aholkulariekin bildu ziren beren proiektuak garatzen jarraitzeko.
Ez dezagun ahaztu, emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko Noka Ekoizpena programak bi proiektu berrirekin ekin zion martxoan dio bere bigarren edizioari. Zaira Zanguituren Pajarracos, eta Maria Monrealen El santo que vestí obrak izango dira langai, eta Laura Lizuma eta Margarita Rodriguez ekoizleek ere parte hartuko dute proiektu horietan.
Izan ere, Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.
Bi lan hauek garapenaren azken fasean edota aurre produkzioaren hasiera-fasean egotea zuten oinarrizko baldintza, eta hainbat adituren aholkularitza izango dute gidoia eta ekoizpena amaitzeko prozesuetarako. Bada, proiektuekin batera, horien jarraipena egingo duten lau tutoreak ere hautatuak izan dira: Gidoi eta zuzendaritza atalean, Mar Coll zinemagile, gidoilari eta irakaslea eta Itsaso Arana aktore, gidoilari eta zuzendaria arituko dira, eta ekoizpenari dagokionez, aholkulari izango dira Chelo Loureiro, ikus-entzunezko formatu oso desberdinetan esperientzia luzea duen ekoizlea, eta Valerie Delpierre, Inicia Films etxearen sortzailea eta ikus-entzunezkoen industriaren barruan aniztasuna eta inklusioa sustatzen dituen ekoizlea.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die hautatutako zinemagileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen.
Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan. Hain ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten merkatu horretan. Canción animal filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta La Koreana lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aukeratu dute.
Hurrengo saioa, maiatzean
Hirugarren modulua maiatzaren 23an egingo dute. Aurrekontuei eta finantzaketa-planei buruzko monografikoa izango da, eta Liliana Torres eta Almudena Carracedo zinemagileek parte-hartuko dute.
Zuzendariek narrazioaren garapenean aurrera egiten duten bitartean, ekoizleak aurrekontu eta finantziazio-planarekin hasiko dira, banakapena, aktore-zerrenda eta lokalizazioen bilaketa amaituta izango baitituzte.
Leave A Comment