Lurraldeko ikus-entzunezko sektore profesionalaren baitako filmak sustatzeko eta hedatzeko ekintzak lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak 2025ean ere. Hiru modalitate zehaztu dituzte.
Nafarroako ikus-entzunezko industria bultzatzeko xedez, GENERAZINEMA deialdi sorta zabaldu du 2025ean ere Nafarroako Gobernuak. Guztira, sei laguntza lerro findu dituzte, eta horietako laura -Garapena, Ekoizpena, Jaialdiak eta Emanaldiak- eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea apirilaren 16ra arte zabalik egongo bada ere, epemuga luzeagoa izango du Sustapena deialdiak.
Zinemako filmetarako eta ikus-entzunezko obretarako finantzaketa iturriak, koprodukzioa, salmenta eragileak eta banaketa kanalak bilatzea, eta topaketa profesionalak sustatzea du xede honakoak. Bada, proiektu fasean edo bukatuta dagoen ikus-entzunezko film edo obrak lagunduko dituzte.
Pertsona fisikoek, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnek edo gutxienez 2024ko urtarrilaren 1etik Nafarroan erroldaturik daudenek, hiru modalitateren artean aukeratu beharko dute:
- A) modalitatea: 2025eko Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak.
- B) modalitatea: zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan (industria arloa), azoketan eta ekitaldietan parte hartzea.
- C) modalitatea: ikus-entzunezko proiektuak sortu eta garatzeko laborategi eta inkubagailuetan parte hartzea.
Eskabideak online burutu beharko dira, eta bi data zehaztu dituzte horretarako. A modalitaterako, maiatzaren 31ra arte egongo da aukera; B eta C modalitateetarako, urriaren 30a zehaztu dute epemuga.
Guztira, 25.000 euroko diru-partida izango du deialdiak, eta eskatzaile bakoitzeko gehienezko laguntza 5.000 eurokoa izango dela argitu dute.
Ezagutu deialdiaren xehetasunak, hemen.
Leave A Comment