2025eko maiatzaren 2tik 10era ospatuko dute aurtengoekitaldia. Sail ofizialean 19 film luze eta 20 labur proiektatuko dituzte; Panorama Fantastikoa atalean, aldiz, nazioarteko 10 film lehiatuko dira.
Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Amaia Domingo FANTeko zuzendariak eta Eugenio Puerto Zinemaldiaren programazio-arduradunak FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 31. edizioko xehetasunak argitu dituzte gaur. Bilboko Udalak antolatuta, 2025eko maiatzaren 2tik 10era ospatuko dute aurtengo ekitaldia, eta sail ofizialean 19 film luze eta 20 labur proiektatuko dituzte; Panorama Fantastikoa atalean, aldiz, nazioarteko 10 film lehiatuko dira.
Film luzeek ondoko sariak eskuratu ahalko dituzte: Film Luze Onenaren FANT 2025 saria, Gidoi Onenaren saria (Euskal Gidoilarien Elkarteak emandakoa) eta Zuzendaritza Berritzaileenerana (FAS zineklubak emandakoa). Aldiz, film laburrek Publikoaren Saria Film Labur Onenari, Epaimahaiaren Sariak Nazioarteko Film Labur Onenari eta Sail Ofizialeko Euskal Film Labur Onenari, eta Panorama Saileko Epaimahaiaren Film Labur Onenen Saria jaso ditzakete.
Campos Eliseos Antzokian, Babak Anvar zuzendariaren Hallow road thriller psikologikoak abiatuko du 2025eko FANT jaialdia, 19:30ean, eta gero, euskal film laburrak pantailaratuko dituzte: A-Maniki (Elixabet Nuñez), Una carroña (Daniel Alegrete), Deja de hablar (Laura Guerricaechevarría), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Gizaki (Xanti Rodríguez), Hotz (Lander Castro), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano), Presencia (Igor Salutregi Gabiola) eta Tragedium (Gastón Haag). Aktoreen Batasunak emandako Interpretazio Onenaren Sarirako hautagaiak ere izango dira.
Panorama Fantastikoa sailean, bestalde, 10 lan lehiatuko dira, eta bukaera-ekitaldirako, Fantastikoaren Izarra Saria jaso duen Alice Lowe zuzendariaren Timestalker filma aukeratu dute; BBK Aretoan egongo da ikusgai.
Jarduera paraleloak
Erakusketek, kontzertuek, literatura aurkezpenek eta klase magistralek osatuko dute egitaraua, eta fantasia generoko euskarazko film labur baten ekoizpena babestuko du bigarren urtez: aukeratutako proiektuek 5.000 euroko saria jasotzeko aukera dute, film labur bat egitea errazteko.
Méliès (MIFF) Nazioarteko Jaialdien Federazioko kide da Bilboko Zinemaldi Fantasikoa, ondorioz, Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Zilarrezko Méliès saria aukeratu ahalko da.
Órbita Fanta sailean hiru lan aurkeztuko dituzte –Azrael (E.K. Katz), Bookworm (Ant Timpson) eta Daaaaalí! (Quentin Dupieux)-, eta DokuFant zikloan Calle ancha, fin de siglo (Jorge Arenillas) eta Llámame Paul (Víctor Matellano) emango dituzte.
Proiekzio berezien atalean, azkenik, FANT Ohorezko Saria jasoko duen Daniel Monzonek zuzendutako El corazón del guerrero (2000) eta Fantrobia Sariarekin aitortuko duten Enrique Buleoren Bodegón con fantasmas (2024) proiektatuko dituzte. Saturnino García omenduak parte hartutako Justino, un asesino de la tercera edad (Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik, 1994), David Lynchen Eraserhead (1977) eta George Millerren Mad Max 2 (1981) ikusiko dira ere.
Leave A Comment