Apirilaren 19an, 20:30ean, Le Select zineman pantailaratuko dute Asier Urbietaren opera prima. Zinemagile errenteriarrarekin eta aktoreekin solasaldia egingo da emanaldiren ostean.

Faisaien irla-donibane lohizune-zinea

Malagako Zinema Jaialdian parte hartu eta Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiari hasiera eman ondoren, Asier Urbietaren Faisaien irla lehenengo film luzea aurki estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan, hilaren 25ean zehazki. Aurretik, baina, Donibane Lohizunen egingo dute aurrestreinaldia. Apirilaren 19an, Le Select zineman pantailaratuko dute, 20:30ean, eta zinemagile errenteriarrarekin eta Sambou Diaby zein Ximun Fuchs aktoreekin solasaldia egingo da emanaldia eta gero.

Urbietak “mugen absurdoaz” hitz egingo du bere opera priman, munduko kondominio txikiena ardatz hartuta. Izan ere, burujabetza partekatua dauka Faisaien irlak: urte erdia Espaniar estatuari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bada, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa: Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?

Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelarre (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak, eta horiekin batera, filmean kolaborazio berezia egingo dute Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.

Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta baita mandigoa ere.

Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin.