Ikus-entzuleek Boris Lojkinek zuzendutako lana izan dute gogokoen (9,32 puntu); Amnesty International-ek Tratado de invisibilidad (Luciana Kaplan) saritu du. Aldiz, Black Scarf (Ali Reza Shah Hosseini) film labur irandarrak irabazi du Gazte Epaimahaiak ebatzitako saria, eta 16060 egun (Iñaki Alforja eta Iban Toledo) obrak Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria.

N_Souleymane-giza eskubideen zinemaldia-zinea

Paperik gabeko ‘rider’ etorkinen prekarietatea salatzen duen L’Histoire de Souleymane (Boris Lojkine) film frantziarrak lortu du Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiko Film Luze Onenaren Publikoaren Saria. Palmaresaren irakurketaren prentsaurrekoa Victoria Eugenia Antzokian egin dute goizean, eta bertan izan dira Itziar Zeberio (Amnesty International Epaimahaiaren ordezkaria), Jon Ameztoy (Gazte Epaimahaiaren ordezkaria), Vanesa Fernández Guerra (EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria) eta Josemi Beltrán (Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna).

Ikus-entzuleen boto bidez aukeratu dute 2025eko lan irabazlea (9,32 puntu), baina ohi bezala, Amnesty International Sariaren epaimahaiak -Ione Ituarte (kultur ekitaldien ekoizlea), Kristina Zorita (kazetaria), eta Miguel Ángel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio (Amnesty Internationaleko ordezkariak)- bere epaia eman du.  Tratado de invisibilidad (Luciana Kaplan) goratu dute ondokoa adieraziz: “filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide-urraketa”.

Gainera, aipamen berezia egin diote Waves (Jiří Mádl) koprodukzio txekiar-eslovakiarrari: “Pragako Udaberrian adierazpen-askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia”.

Film laburrei dagokienez, Gazteriaren Epaimahaiak Black Scarf (Ali Reza Shah Hosseini) aukeratu du lan onena, eta 3.000 euroko saria jaso du. Bestetik, aurten aurrenekoz banatu duten Euskal Film Labur Onenaren EITB Sariaren irabazle izan da 16060 egun (Iñaki Alforja eta Iban Toledo), 1.000 euroz hornituttakoa.

Helena Tabernari aitortza

Apirilaren 4an ekin zioten Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldiari, Asier Urbietaren Faisaien irla lehenengo film luzearen emanaldiarekin; zinemagile errenteriarrak “mugen absurdoaz” hitz egingo du bere opera priman, eta aurki estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan, hilaren 25ean zehazki. Zinemaldi donostiarrean, irekiera-egunetik gaur arte, 48 film (25 film luze eta 23 labur) erakutsi dituzte. Gaur azkenak.

Iluntzean, 20:00etan abiatuko dute itxiera ekitaldia Victoria Eugenia Antzokian, eta India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estatubatuarra aukeratu dute kasurako. Aurretik, baina Helena Taberna zinemagile nafarra omenduko dute. Aitor Mendizabalen biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika jasoko du. Arratsaldean, 16:30ean, errefuxiatuen egungo egoerari buruzko Varados (2019) eskainiko dute.

Honela azaldu dute zinemaldiko arduradunek zinemagile nafarraren ekarpena: “Tabernaren ibilbidea hautatzen dituen proiektuen koherentziagatik eta bere estilo zinematografiko pertsonalagatik nabarmentzen da. Bere filmografiak publikoaren eta kritikaren babesa izan du, eta nazioarteko sari ugari lortu ditu hasieratik. Garrantzi handiko gai sozialak dira bere filmen atzeoihala. Kolpatu eta hunkitu egiten gaituzten gaiak, baita konplizitatea sortu eta herrialde eta kultura desberdinetako ikusleengan gogoeta eragin ere”. Hilaren 11n bertan, 16:30ean, Tabernak zuzendutako Varados (2019) pantailaratuko dute.