Oteiza Fundazioak eta EITBk ekoiztuko dute eskultore eta arte-teorilari oriotarrari buruzko pieza, eta 30 minutu inguruko iraupena izango du. ETBn, eitb.eus-en eta baita PRIMERAN plataforman egongo da ikusgai.
Jorge Oteizaren obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzeko asmoz, Oteiza Fundazioak eta EiTB lankidetza-hitzarmena adostu dute. Ondorioz, Orioko sortzaileari buruzko Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa ekoiztuko dute, Oskar Alegria zinemagile nafarra zuzendari izango duena.
Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko presidenteak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak iragan astean Altzuzako Oteiza Museoan sinatu zuten proiektua ahalbidetuko duen akordioa. Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendaria, Xabier Morrás Oteiza Fundazioko patronatuko kidea, Alegria zinemagilea eta Lourdes Fernández Artingeniumeko zuzendaria izan zituzten aldamenean.
Danok Oteiza programaren barruan kokatzen da Oteiza 14 apostolu piezaren sorrera, eta errealizazio-fasean dago. 30 minutu inguruko iraupena izango du, nahiz eta, azaldu dutenez, “kapitulu bakoitza pieza bat bezala pentsatuta” dagoen: “Friso moduan, parte-hartzaile bakoitzak Alegriak proposatutako Oteizaren iruditeriari lotutako kontzeptu bat interpretatzen edo aipatzen du, multzo erritmiko eta artikulatu bat osatuko duen partitura ireki batean”.
Alegriaren zuzendaritzapean, ikus-entzunezko obran txertatzeko grabazio batzuk egin dira: Esther Ferrer artista (isiltasuna eta hutsunea); Ignacio Agüero idazle eta zinema zuzendari txiletarra (Oteiza eta Huidobro); Alicia Otaegi artista (Oteiza eta maskara); Josu Iztueta abenturazalea (apostoluak eta Arantzazuko mendiak); Amorante musikaria(apostoluen doinua) eta Alegria bera (Oteiza eta ipar-mendebaldea).
Gainerako grabazioak ekainera bitartean egingo dituzte Euskal Herriko, Japoniako, Parisko, Txileko eta New Yorkeko hainbat agertokitan. Behin pieza bukatuta, ETBn, eitb.eus-en eta baita PRIMERAN plataforman egongo da ikusgai.
Ez-fikziozkoan maisu
Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiako zuzendari artistikoa izan zen Alegria 2015etik 2017ra. Aurretik, baina, 2012an, Emak Bakia baita! filma errodatu zuen. 2019an Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen duen Zumiriki aurkeztu zuen Veneziako Mostrako Orizzonti sailean. 2024an, adliz, ikus-entzunezko ibilbide poetikoa dakarren Zinzindurrunkarratz ez-fikziozko lana zuzendu zuen; Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da.
Horrez gainera, Oteiza al margen. Notas manuscritas sobre cine y arte (2017) monografia argitaratu zuen, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Punto de Vista Zinemaldiaren eskutik.