Minecraft film bat (Jared Hess, 2025) pelikula gaur bertan estreinatuko da Hego Euskal Herriko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film estatubatuarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da gurean.
Minecraft-en unibertsora bidaia proposatuko du filmak, non sormena, biziraupenerako giltzarira ere baden: Garrett “Zabor-biltzaile” Garrison, Henry, Natalie eta Dawn moldatu gabeko lau pertsona dira, eta eguneroko arazoekin borrokatzen dihardute. Ustekabean, atari misteriotsu batek herrialde harrigarri baterantz eramango ditu; irudimenaz elikatzen den mundu kubiko baterantz. Etxera itzultzeko, mundu arraro hori menderatzen ikasi beharko dute, baita Piglins eta Zonbi izaki arriskutsuengandik defendatu ere. Gainera, Steve artisau-adituaren laguntza izango dute. Abenturan zehar, ausartak izateko desafioa izango dute bostek, eta euren ezaugarri berezi eta sortzaileak berraurkituko dituzte. Mundu errealean aurrera egiteko behar dituzten ezaugarri berberak dira, hain zuzen.
Zinema Euskaraz
Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen bosgarren filma da honakoa. Ondoko zinema-aretoetan proiektatuko da: Golem Alhondiga (Bilbao), Bastero Kulturgunea (Andoain), Cine Areria (Lazkao), Gurea Antzokia (Villabona), SADE Cines (Donostia), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Oñatiko Zinema (Oñati), Usurbe Antzokia (Beasain), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga), Biteri Zinema (Hernani) eta Modelo Aretoa (Zarautz).
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.
Hala, datozen asteetan ere helduko dira proposamenak, esaterako, maiatzaren 2an, Kayara, inka gerraria.