Zinemagile errenteriarrak bere opera prima aurkeztu du, Donostian. Giza Eskubideen Zinemaldiaren 22. edizioari hasiera emango dio filmak bihar, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.

Iazko edizioan Benito Sambranoren El Salto-k egin bezala, aurten ere, etorkinek amets europarraren bila egindako ahalegina eta bidea erakutsiko duen film batek abiatuko du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Malagako Zinema Jaialdian parte hartu ondoren (sail ofizialean, lehiaz kanpo), Faisaien irla  thrillerra Victoria Eugenia Antzokian pantailaratuko dute bihar, 22. edizioa inauguratuz. Gaur, aldiz, Asier Urbieta zuzendariak eta Jone Laspiur zein Sambou Diaby aktore protagonistek lanaren nondik norakoak kontatu dituzte.

Filmari izenburua ematen dion eta bi estatuen jabetza partekatua duen lur eremuan jazotako gertakari batek eragindako barne-gatazka izango du pelikulak abiapuntu.  Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?

Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa ondu du Urbietak. Azaldu duenez, egunkari batean ezagututako albiste batek arreta deitu ziola-eta, Irungo Harrera Sarearekin jarri zen harremanetan, eta berri-paperetan irakurritakoa “gauza isolatua ez dela” esan zioten. Interesa piztu eta gaiaren inguruan pelikula bat egin behar zuela pentsatu zuen: “Ez da oso ezaguna, mugatik horren gertu bizi bagara ere. Beharbada guk ikusi nahi ez dugulako, garrantzirik ematen ez diogulako. Bada, zinemaren bidez errealitate hori herritarrengana hurbildu nahi izan dut. Bidaia luzea eta zaila da. Migratzaileek Europa barruan mugak aurkitzen dituzte, eta psikologikoki oso gogorra da”. Horietako askoren ibilbidea jarraitu eta erretratatu du Gari Garaialde argazkilariak, eta Urbietak zehaztu duenez, haren esperientzia ezinbestekoa izan da, filmean ikusgai dauden artxiboko irudiak bere kameratik atera baitira.

Laspirurrek aitortu duenez, “gainetik ezagutzen genuen errealitatea da hau”, eta errodaje-egunetan bertatik bertara ikusitako muga zeharkatzeko saiakerek kontzientzia aldaketa eragin diete. Filmaketaren baitan, Frantziako poliziak bera identifikatu izan dutela kontatu du Diabyk: “Pelikula hau dagoen problematika salatzeko bidea da. Asko inpaktatu ninduen bertan ikusitakoak, kolpe latza eman zidan”.

Faisaien irla-Donostia-zinea

Jone Laspiur eta Sambou Diaby, ‘Faisaien irla’ filmeko aktore protagonistak

‘Zer egingo zenuke zuk?’

Eremu naturaletan errodatu dute, besteak beste, uhartean bertan, Bidasoako erriberan, Baionako tren geltokian edota ibaia bera lotzen dituzten zubietan. Hala, pelikulak gaur egun Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitatea erakutsi nahi du, non Frantziarako bidea hartzen duten dozenaka pertsona desagertu diren azken urtean.  Bada, uhartea, munduko kondominio txikiena, filmeko metafora gisa erabili du zinemagileak bere opera priman: “Urte erdia espainiar estatuari eta bestea frantsesari dagokio, eta egun, faisairik ere ez dago. Mugen absurdoaz hitz egiten du pelikulak”.

Gaiari heltzeko, thrillerraren elementuak erabili dituela defendatu du -irla bat, gorpu bat, ikerketa-, pertsonon barne-gatazkei bide emanez: “pertsonaia onik edo gaiztorik ez dago, baizik eta bizitzako situazioak. Pertsonaia guztiek hainbat geruza dituzte, hala, ez iruditzen zitzaigun ezer ez zela azalekoa izan behar”. Laidak eta Sambouk ezberdin jokatuko dute Bidasoa ibaian itotzear dauden bi pertsona bistaratuko dituztenean, eta hain zuzen ere, berau izango da Faisaien irla ardaztuko duen ildo narratiboa: “Galdera bat bota nahi genuen. ‘Zer egingo zenuke?’ Guk ere ez geneukan argi erantzuna, izan ere, gizakion ardura indibiduala eta kolektiboa, gizartean betetzen ditugun rolak -aktiboak izan beharko genuke, ala ikusle soilak?- plazarazi nahi izan ditugu”.

Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin. Era berean, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa dauka, eta baita EiTB taldearen partaidetza ere. BTeam Pictures arduratuko da filma zinema aretotan banatzeaz. Apirilaren 25ean estreinatuko dute Euskal Herrian.