una ballena-zinea

Zuzendaria: Pablo Hernando

Urtea: 2024

Herria: Euskal Herria

Paduran, hirigunetik urrun, periferian, girotu zuen Koldo Almandozek Oreina (2017), eta giza-naturaz hitz egin zigun bertan, bere lehen fikziozko film luzeari izenburua ematen dion animalia basatia pertsonaien metafora bilakatuz. Donostiarrak sigi-saga uzkurtzen doan ibaiaren tankeran eraikin zuen istorioa, euskal lurraldeetako paisaia ez konbentzionalek/ez-tokiek ere balio narratibo indartsua izan dezaketela erakutsiz. Ur geza, baina, gaziarekin nahastu da orain, Pablo Hernandoren zuzendaritzapean.

Itsasoaren handitasuna hatz-puntekin ukitzear direnen erredentzio istorioa ondu du zinemagile gasteiztarrak, beren gorputz, emozio eta iraganeko zaurietatik ihes egiterik ez duten arima bakartiena. Almandozen opera primako ildo poetikoari jarraipena emanez, hondarretan bere azkenetan dagoen balea batek definituko du Bilboko portuan harrapatutako Ingrid (Ingrid García-Jonsson) kontratupeko-hiltzaile errukigabea. Narratiboki zein estetikoki, baina, askoz hipnotikoagoa da UNA BALLENA.

Zientzia fikzioaren, zinema beltzaren eta thrillerraren elementuak uztartzen ditu, eta ia hamarkada batez baztertua izan den Under the Skin (2013) kultuzko lanaren eragin zuzena nabari zaio, lotsagabeki. Jonathan Glazerren proposamena gertuko duenak arin batean egingo du Laura/Scarlett Johansson eta Hernandoren filmeko protagonistaren arteko lotura: arrastorik gabe infiltratzeko eta desagertzeko gaitasun paregabea dute biek, naturaz gaindiko mundu fantastiko batekin duten konexioaren eraginez.

Lehen sekuentziatik bertatik ezarritako tonu eta atmosfera hotz eta arrotzak guztiz bideratuko du gasteiztarraren opera primaren norabidea. Kontraargiaren eraginez aurpegia identifikatzerik izango ez dugun figura baten presentzia susmagarriarekin abiatuko da: goitik behera beltzez jantzita dago, besoa altxako du, tiro egin eta badoa. Mugimendu bortitzik egin gabe, patxadaz, erabateko isiltasunez, arrakastatsu burutu du betekizuna. Emakumea kalkulatzailea da oso, zorrotza, Le Samourai-ko (1967) Jef Costello (Alain Delon) hiltzaile mitikoa gogora dakarkiguna; hain zuzen ere, omenaldi txiki bat egingo zaio Jean-Pierre Melville zuzendari frantziarrari, deitura lapurtuko baitio, umilki, Ramon Bareak interpretatu eta portuko jaun bilakatu nahi duen enpresaburuak.

Ingrid sikario isilaren proiekzio formal hermetikoa da Hernandok planteatutako arkitektura bisuala, baita inguruan izango dituen kontrabandista eta negozio-gizonena ere. Bada, egungo neo noir-en tendentziari egingo dio so UNA BALLENAk, argi-itzalen erabilera bortitzetan sustengatuz -gris-eskalak erabat desagerraraziz- eta irudien barneko muntaia seinalatu(egia)ren aldeko apustua eginez. Planoen argiztapen ilun, itxi eta itogarriek deuseztatu egingo dute sentimentalismo edota humanismo keinu oro, eta portuko espazio erraldoiek XXI. mendeko gizarte kapitalistaren moraltasun zalantzagarria irudikatuko dute.