Erakusketek, kontzertuek, literatura aurkezpenek eta klase magistralek osatuko dute 2025eko Bilboko Zinemaldi Fantasikoko egitaraua.

Fant31_2025_banner_1080x1080px_V1

FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, 2025eko maiatzaren 2tik 10era ospatuko du 31. edizioa. Oraindik ere ez dute sail ofizialean proiektatuko dituzten lanak aurreratu, baina dagoeneko jakinarazi dute egitaraua osatuko duten jardueren zerrenda.

Batetik, zinemak eta literaturak bat egingo dute apirilaren 23an, Abandoko Udaltegian. Felipe Mugicaren Akira y los animales que lo cambiaron de todo liburua aurkeztuko dute bertan, “japoniar animazioaren izenburu esanguratsuenaren atzean dauden sekretuak azaltzen” dituena. Liburuak Katsuhiro Otomo sortzailearen ibilbidea aztertuko du, mangaka, animazio-zuzendari eta irudi errealeko zinemagilearen alderdi hirukoitzean. Bestetik, maiatzaren 3an, Horror Girls. WomanInFan Europa liburuaren aurekzpena egingo du Begoña del Tesok, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Sitges Fundazioko zuzendari Mónica García Massaguek koordinatua dago.

Erakusketei dagokienez, Nahiarte sorkuntza guneak sustatutako Zeren beldur? -Quién dijo izenekoa jarriko dute bisitagarri Abandoko Udaltegian, apirilaren 22tik maiatzaren 12ra bitartean. Aldiz, Begoñako Udaltegiko liburutegian Space Opera euskal komikian erakusketa egongo da ikusgai, maiatzaren 2tik 25era.

Musika ere presente egongo da FANTen. Apirilaren 30ean, 20:00etan, She is a Devil taldearen kontzertua egongo da Bilborocken, eta jaialdiari bukaera emateko, maiatzaren 9an, Esty Quesada (soyunapringada) DJak ikuskizuna eskainiko du KOBAK Aretoan.

Fantrobia Saria

Enrique Buleo zinemagilea omenduko dute 31. FANT jaialdiaren edizioan. Bilboko Zinemaldi Fantasikoak Fantrobia Sariarekin aitortuko du Bodegon con fantasmas opera prima zuzendu berri duen zinemagilea; Kritikaren Saria jaso du Aby zineman eta Donositiako Fantasiazko Zinemaren Astean. Bada, Buleok klase magistrala eskainiko du maiatzaren 8an: Método de trabajo: De inspiración a la pantalla izenpean. 12:30ean ekingo diote, BBK Aretoan. Zinemako ikasleei zuzendutako hitzordua da, baina sarrera doan da.