Martxoaren 27tik 30era bitartean egingo dute film laburren lehiaketa berria. Interesatuei ostegunean bertan, 13:00etan, jakinaraziko diete jorratu beharreko gaia, EHUko Bizkaia Aretoan.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak argitu duenez, udaberrian ere zinemaz gozatzeko aukera egongo da aurten. Festibalak berak eta Bilboko Udalak antolatuta, IDOMen babesarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin, ZINEBI Express Udaberriko edizioa jarri dute martxan.
Udazkeneko hitzorduak izan ohi duen arrakastak bultzatuta erabaki dute egitasmoa abiatzea. Azaldu dutenez, “helburua ekoizpena aktibatzea, talde-lana sustatzea eta ikaskuntza bultzatzea da, sormen-askatasuneko espazio bat eskainiz, non ikus-entzunezko forma, ideia eta lengoaiekin esperimentatuko den”.
Martxoaren 27tik 30era bitartean egingo dute film laburren lehiaketa berria, eta zinema-eskoletako eta fakultateetako gazteei zuzenduta dago. Interesatuek ostegunean EHUko Bizkaia Aretora bertaratu beharko dute, 13:00etan, izena bertan eman eta gaia jakinarazi diezaioten. Partaideek 72 ordu izango dituzte 3 minutura arteko obrak errodatu eta aurkezteko.
Deialdira aurkeztutako film laburrak hainbat sari irabazteko hautagai izango dira, eta horiek, Arriaga Antzokian egingo den gala berezi batean jakinaraziko dituzte, 67. ZINEBI jaialdiaren baitan. Zinema arloko profesionalek osatuko dute epaimahaia.
Hizketaldiak
Carlos Juarez zinema ekoizle eta EPE-IBAIA Euskal Produktoreen Elkarteko presidenteordea ikus-entzunezko industrian lan egiteko aukerez arituko da Bizkaia Aretoko ekitaldian, martxoaren 27an. Gainera, Nire Falagan zinemagileak –Esto no es Hollywood– bere dokumentalaren sortze-prozesuan hitz egingo du.