Gipuzkoarrak zuzendutako eta argazki-zuzendari gisa parte hartutako filmek osatuko dute programa. Apirilaren 1etik 13ra bitartean ospatuko dute 2025eko Buenos Airesko Nazioarteko Zinema Independentearen Jaialdia.

Ion de Sosa-zinea

BAFICI jaialdiak Ion de Sosa gipuzkoarrari atzerabegirakoa eskainiko dio aurten. Apirilaren 1etik 13ra bitartean ospatuko dute Buenos Airesko Nazioarteko Zinema Independentearen Jaialdiaren 26. edizioa, eta zinemagile zein argazki-zuzendari gisa egindako lanak erakutsiko dituzte. Bederatzi filmek osatuko dute programa; Trayectorias atalean lehiatuko den Ariel (Lois Patiño, 2025) pelikulan ere parte hartu du, Argentinan estreinaldia izango duena.

Urnietan jaiotako sortzaileak Madrilgo ECAM zinema eskolan burutu zituen ikasketak, eta film labur zein luze andana zuzendu ditu. Haren lanak Berlinalen, Donostia Zinemaldian zein nazioarteko arte-zentro eta erakusketetan -Viennale, Lincoln Center, Barbican Centre eta Reina Sofía Museoan, besteak beste- egon dira ikusgai. 2017an Apellaniz y de Sosa produkzio-etxea sortu zuen Leire Apellanizekin batera, eta ekoiztetxearen babespean produzitu ditu ordutik bere lanak.

Magdalena Arau BAFICI jaialdiko programatzailea da zikloaren arduraduna, eta “zinemagile sailkaezin eta guztiz pertsonala” dela esanez aurkeztu du gipuzkoarra: “Bere filmak beti dira ustekabe bat, edozein aurrekontzepturekin harrotzen den aire freskozko tornado bat, norabide misteriotsuetan bizitasun jauzi bat, beti libre, egiazko”.

Jarraian duzue atzerabegirakoaren baitako filmak:

  • True love (Ion de Sosa, 2011)
  • Sueñan los androides (Ion de Sosa, 2014)
  • Leyenda dorada (Chema García Ibarra eta Ion de Sosa, 2019)
  • Los hijos (Ion de Sosa, 2024)
  • La disco resplandece (Chema García Ibarra, 2016)
  • Aliens (Luis López Carrasco, 2017)
  • Espíritu sagrado (Chema García Ibarra, 2021)
  • Tengas cuidado ahí fuera (Alberto Gracia, 2021)
  • Mamántula (Ion de Sosa, 2023)

Jarraian duzue 26. BAFICI zinemaldiaren egitarau osoa.