Ramiro Pinillaren eleberri homonimoan oinarritutako Inurri Itsuak filmaren errodatze-lanei ekin die Igor Legarreta (Ilargi guztiak; Cuando dejes de quererme) zuzendari bilbotarrak. Itziar Ituño, Urko Olazabal, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga izango dira protagonistak, eta Lamia Producciones ekoiztetxearen babesa du.
Legarretak eta Andoni de Carlosek (Faisaien irla; Altsasu; Handia) euskaraz idatzia, 1961ean Nadal Saria jaso zuen Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberri goraipatuan oinarritu dute Inurri Itsuak filmaren gidoia, XX. mendeko 30eko hamarkadako Espainiako biziraupen-istorioan.
Getxoko kostaldean izandako denborale bortitz baten ondorioz, ikatzez betetako itsasontzi ingeles batek labarren kontra joko du. Giza marea baten antzera, herri oso bat gauez gerturatuko da bere etxeak berotzeko hainbeste behar duten urre beltza lapurtzera. Tartean ere, Sabas Jauregi baserritarra, bere lau seme-alabekin eta bere koinatuarekin batera. Sabasek zorte-kolpe baten gisara ikusten du gertakaria; Josefak, bere emazteak, zantzu txar bat bezala. Bere erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramago ditu seme-alabak. Familiak pentsaezina dena egingo du negutik salba ditzakeen ikatza babesteko… edo betiko kondenatzeko.
Joan den martxoaren 13an ekin zieten filmatzeari, eta hamar astez luzatuko dira lanak Bizkaiko hainbat agertokitan: Bilbon, Elorrion, Galdakaon, Getxon, Gorlizen, Sagastan (Abadiño) eta Mundakan. Itziar Ituño, Urko Olazabal, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga izango dira protagonistak, eta Unax Hayden, Patxi Bisquert, Carlos Santos, Dani Cabrera, Kimetz Etxabe, Markel Martínez, Anuk Puertolas eta Elena Uriz aktoreen parte-hartzea izango du ere.
Era berean, Lamia Producciones ekoiztetxe nafarraren, LAZONA, Sideral eta Buendía Estudios Bizkaiaren babesa du proiektuak, Caviar Antwerp ekoiztetxe belgikarraren koprodukzioarekin. EITB eta Atresmedia Cine taldeen parte-hartzea du, eta Buena Vista International arduratuko da filmaren banaketaz.