KIMUAK programaren 2025eko ediziora film laburrak aurkezteko epea zabaldu dute jada, apirilaren 23ra bitarte. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri.
KIMUAK Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen dena. Euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta hautatutako lanak, KIMUAK deiturapean, nazioarteko zinema jaialdi zein ospakizun garrantzitsuenetako bidaliko dituzte. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak Euskal Herrian proiektatzeko.
Bada, aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak aurkeztu ahalko dituzte deialdira. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2024ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Euskal Hirigune Elkargoko eta Nafarroako Foru Komunitateko euskarazko film laburrak onartuko dira, EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak. Era berean, film laburrak estreinaldi komertzialik gabekoak izan behar dute, eta kasuan kasuko ebaluatuko da, zinemaldi baten testuinguruan, plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onartzea. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izana onartuko da.
Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa www.kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri, eta izen ematea ere bertatik gauzatu beharko da. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 23a izango da, eta une horretatik aurrera, hautespen batzordea hasiko da lanean.