2025eko edizioa datorren irailaren 3tik 6ra bitartean ospatuko dute. Film laburrak apirilaren 1era arte aurkez daitezke, FilmFreeway bidez.
Talentu berriak babestu eta sortzaileak nazioartean sendotzen laguntzeko plataforma gisa dihardu Animadeba – Debako Animazio Zinemaren Jaialdiak. 18 urteko ibilbidea du bizkar gainean dagoeneko, eta indartsu dator. Irailaren 3tik 6ra bitartean ospatuko dute, eta izen-emate deialdia zabalik da.
Edozein genero, gai edo herrialdetako animaziozko film laburrek parte hartu ahal izango dute, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak badira. Piezek ez dute 20 minutu baino gehiago iraungo eta ezinbestekoa da gaztelaniazkoak ez diren film laburren bertsio originalak, hizkuntza horretan azpititulatuta aurkeztea.
Materialak bidaltzeko azken eguna 2025eko apirilaren 1a izango da, eta www.filmfreeway.com bidez egin beharko da. Balorazio batzorde batek ikusi ondoren, antolatzaileak harremanetan jarriko dira hautatutako guztiekin, proiekzio artxiboa eskatzeko. Sail Nagusian parte hartzeko aukeratzen diren lanek 500 euroko saria jasoko dute hautatuak izateagatik. Zenbateko hori behin jaialdia amaitu eta gero ordainduko da, izen-emate inprimakian adierazitako kontuan.
Hautatutako film labur guztiak hiru sari jasotzeko hautagaiak izango dira; film labur onenaren saria, gidoi onenaren saria, ikus-entzuleen saria. Sail ofizialaz gain, Zuzendari Berriak UPV-EHU eta Panorama atalak ere izango ditu 18. Animadeba festibalak.
Errepasatu oinarriak, hemen.