Helena Taberna zinemagile nafarraren ibilbidea eta espiritua omenduz abiatu zuten atzo III. Silver Film Festival jaialdiarenhirugarren edizioa. Martxoaren 24tik 28ra bitartean ospatuko da, eta 7 film luzek, 11 film laburrek eta bestelako hainbat jarduerek osatuko dute programa.
Belaunaldien arteko harremanean oinarritutako egitarauarekin, Silver Film Festival zinemaldi bilbotarrak hirugarren edizioa ospatuko du egunotan, martxoaren 24tik 28ra. Izan ere, atzo, 18:30ean hasita, Arriaga Antzokian ospatu zuten irekiera-ekitaldia, eta bertan, aurtengo Silver Saria banatu zioten Helena Tabernari. EITBren laguntzarekin banaturiko aitortza honek zinemagile nafarrari ibilbidea eta espiritua aintzatetsi ditu.
Bada, gaur ekingo diote proiekzio sortari, eta hemezortzi lan erakutsiko dituzte guztira (7 film luze eta 11 film labur). Guggenheim Museoan eta Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinemetan egingo dituzte emanaldiak eta, besteak beste, ikusgai izango, 8 (Julio Medem), Saturno (Daniel Tornero), Pedro (Liora Spilk Bialostozky),edota Agonía (Eulàlia Ramon) film laburra. Amaiera ekitaldian My favourite cake (Maryam Moghaddam y Behtash Sanaeeha) emango dute.
Solasaldiak izango dituzten saioei dagokienez, aipatutako 8, Agonía eta Saturno lanekin batera, Tabernaren Nosotros, eta Azkena (Ane Inés Landeta eta Lore Lyons), Utländsk (Alba Lozano), Dinosaurioak (Koldo Almandoz) eta Punkaren beste aldea (Jaione Martinez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta, Maialen Oleaga Nuño) euskal ekoizpenak iragarri dituzte. Mahai-inguruek eta jarduera praktikoek osatuko dute egitaraua. Besteak beste, Ana Ibañez neurozientzialariak hitzaldia eskainiko du.
Ikusi programazioa xehe, HEMEN.
Belaunaldien arteko harremana
Bizitzaren bigarren erdiarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen zinema- eta pentsamendu-jaialdia da S/FF, 55 urtetik gorako pertsonei eskainitako Euskadiko lehena, eta EDE Fundazioaren eta TU & YO ikus-entzunezko produkzio-etxearen arteko ekimenez sortu zen 2023an. Silver Revolution Elkarte Kulturalak antolatzen du ordutik, eta Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, BBK Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zineuskadiren babesa du.
Zinema eta kultura erabili, gizartea eraldatzeko tresna izan nahi du zinemaldiak: “Narratiba nagusiek kategorizatzen eta zatitzen gaituzten garai honetan, zinemak gizaki gisa indartzen eta aberasten gaituzten loturak ikusarazteko ahalmena du”. 2025eko edizioari begira, aurten “belaunaldien arteko harremanaren aldeko apustua” egin nahi izan dutela azpimarratu dute arduradunek, “adinak benetan garrantzirik ez duen gizarte bat” nolakoa izan litekeen irudikatzera bultzatuz.