Zinemagile bilbotarra Jone, batzuetan filmarekin lehiatu da Sail Ofizialean. Aldiz, ikus-entzuleek Julio Medem donostiarraren 8 filma izan dute gustukoen, lehiaz kanpo erakutsi duten lanen artean.
Espainiar Estatuko zinemagintzaren hitzordu garrantzitsuenetakoa den Malagako Zinema Jaialdiak asteburuan esan dio agur 28. edizioari. Martxoaren 14tik 23ra bitartean ospatu dute, eta 260 ikus-entzunezko jaso ditu. Bada, lehiaketa egunak bukatuta, epaimahaiak palmaresa argitu du, Berlinaletik datorren Eva Libertaden Sorda opera prima goratuz. Urrezko Biznaga, emakumezko eta gizonezko interpretazio onenen sariak (Miriam Garlo eta Mario Casas) jaso ditu ere; biak ala biak ex aequo, Ángela Cervantes eta Álvaro Cervantesekin partekatuta). Iberoamerikako lan onena El ladrón de perros (Vinko Tomičić) aukeratu dute.
Euskal zinemagintzaren ordezkaritza ere nabarmena izan da festibalean, eta sari bat edo beste ere izan du. Jone, batzuetan obrarekin Sail Ofizialean lehiatu den Sara Fantova aitortu dute esaterako, zuzendari onenari eskainitako aipamen bereziarekin. Errekonozimendu bera jaso du Celia Ricok (La buena letra) ere. Aldiz, zuzendari onena Belén Funes izendatu dute (Los Tortuga).
Abuztu betean, Aste Nagusia hasi berritan, lehen aldiz maiteminduko den Joneren istorioa ondu du Fantobak, lehen maiteminaren zirrara aitaren gaixotasunak eragindako nahasmenarekin bizitu beharko duen gaztearena. Aldiz, Laura da Ana Lambarri zinemagilearen laneko protagonista. Bizimodu aspergarria du, eta egunerokotasun hori goitik behera irauliko da iraganeko proiektu bat berreskuratzen duenean. Susana Abaituak gorpuzten duen pertsonaiak lehen lerroan jarriko du bere burua, eta ordaina jaso beharko du horregatik.
Bestetik, ibilbide luzeko zinemagilea den Julio Medem donostiarren film berriena izan da ikus-entzuleen gogokoena, lehiaz kanpo erakutsi duten lan sortaren artean, 8: Octavio eta Adelaren 90 urteko bizitza 8 kapitulutan gertatzen da: 8 une, 8 plano bihurgunetsu Espainiako historiaren 8 data erabakigarritan, 1931 eta 2021 bitartean. Octavio eta Adela Madrildik gertu dagoen mendilerro baten inguruko bi herritan jaio ziren, II. Errepublika aldarrikatu zen egunsenti berean. Horrela, lehenengo egunetik, eta haiek jakin gabe, euren bideak konektaturik daude, “8” forman lotuta, erdian gurutzaketa bat duten bi begiztaren gisara. Bitartean, Espainia aldatzen ari da.
Gainera, animaziozko film laburrei eskainitako Animazine atalean aipamen berezia egin diote Izibene Oñederraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) obrari. Sultana Films ekoiztetxearen babesa duen filmak komunitate txiki batean elkarren ondoan bizi diren biztanle zaurgarriak ditu protagonista. Medioek izendatu duten “hondamendi egoeran” daude murgilduta, eta eguneroko krisialdiarekin bizirauten jarraitzen dute.
Emakumeen eskubideak berresten
Sail ofizialaz gaindiko Afirmando los Derechos de las Mujeres ataleko saridunak iragan astean, jaialdia bukatu bezperan, argitu zituzten. Ander Iriartek eta Amaia Merinok zuzendutako Indarkeriaren oi(h)artzunak lanak dokumental onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi du bertan. Berdintasunarekin konprometitutako zinema aitortu eta emakumeen errealitateak ikustaraztea helburu duen sailean Tamara Muruetagoienaren historia eta istorioa goratu dute.
Ezagutu 28. Malagako Zinema Jaialdiko palmaresa, hemen.