Euskal sorkuntza garaikidea 321 milioi hiztun dituen komunitate frankofonora hurbiltzea helburu duen lau urterako ekimena aurkeztu du Etxepare Euskal Institutuak: Ça colle au basque!. Finantzaketa ildo berriak bultzatu, eta martxan diren dinamikak sendotuko ditu, erakunde, kultur eragile eta elkarte profesionalen arteko aliantza baten bidez.

‘Ça colle au basque’, (hitzez hitz “euskalduntasunari itsasten zait”, burutik kendu ezin duzun zerbaiti erreferentzia egiteko frantsesez erabiltzen den esamoldea) du izena Etxepare Euskal Institutuak datozen lau urteetarako aurkeztu duen ekimenak. Euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea du helburu; frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonek osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikora.

Hainbat instituziotako eta kultur erakundetako 50 bat ordezkari bildu ditu aste honetan, Getariako Zarautz jauregian (Gipuzkoa), proiektua aurkezteko deituriko lan saioak. Bada, haien guztien aurrean azaldu dituzte egitasmoaren gako nagusiak Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak.

Bengoetxeak adierazi duenez, egitasmoaren sustatzaile den Eusko Jaurlaritzaren helburua “Euskadik begirada nazioartean jartzea da, gure ahotsa erabakiak hartzen diren guneetan entzutea”. Era berean, Etxepare Euskal Institutua “Euskadi Globala estrategian kultura eta euskararen motorra; munduan nor garen azaltzen duen pieza” izatea nahi dutela adierazi du. “Eragileen arteko maila ezberdinetako lankidetza” eskatu du sailburuak, “mugaz gaindiko kooperazioa sustatu, sareak sendotu eta gure nortasuna unibertso frankofonoan zabaltzea” bilatzen duen “epe luzeko proiektua” bultzatzeko.

Larrazak, berriz, azaldu du Institutuak datozen lau urteetan “frankofoniaren eremu anitz eta zabal horretan” eragitea dela xedea, “guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz”. “Eta baita ere, historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok dugun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin hausnartzeko”, gaineratu du.

Horretarako, Etxepare Euskal Institutua lurralde frankofono desberdinetako erakundeekin loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko ari da lanean, komunitate horren nazioarteko proiekzioa aprobetxatuz.

Ekimenak, halaber, euskararen ezagutza eta prestigioa sustatzearen alde egingo du, esparru akademikoan euskararen hedapena bultzatuz, sortzaile eta unibertsitateen artean sinergia berriak sortuz, eta egoera diglosikoan dauden hizkuntzen eta hauek hizkuntza hegemonikoekin dituzten harremanen testuinguruan euskararen errealitateari balioa emanez.

Lau lan ildo

Ça colle au basque lau ardatzen bidez garatuko da. Lehenik eta behin, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko da.

Bigarrenik, finantzaketa-ildo berriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko, baita haien argitalpen-sisteman presentzia izan dezaten bultzatzeko ere.

Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalekin lankidetza indartuko da.  Euskal kulturaren eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, eta unibertso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dute, errealitate linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen baitituzte.

Azkenik, Etxepare Euskal Institutuak lantzen duen esparru akademikoa indartu ahal izango da, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortuz.