Martxoaren 21ean eta 28an egingo dituzte emanaldiak, bigarren eraikinean. Estibaliz Urresola, Arantza Santesteban, Isabel Herguera edota Begoña Vicarioren film labur eta luzeak erakutsiko dituzte.
‘Izarrak behatzen’ izenpean, euskal emakume zinemagileen film luze eta laburrak erakutsiko dituzte martxoan EHUko Arte Ederren fakultatean, bigarren eraikinean ikustaldiak egiteko propio dagoen gelan. Gaur goizean abiatu dute lehenengo saioa, 10:00etan, eta bertaratutakoek 20.000 erle espezie film arrakastatsua izango dute ikusgai.
Hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz Estibaliz Urresolaren lan sarituak: Coco da filmeko protagonista, zortzi urte ditu, eta ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin. Ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen.
KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen
Ostean, 12:30ean, Arantza Santestebanen 918 Gau proiektatuko dute. Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu sortzaileak filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izan zuen estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik.
KRITIKA | 918 GAU: Dena aldatzen da
Aldiz, martxoaren 28an hiru film eskainiko dituzte. 10:00etan, Sultanaren ametsa-k emango dio hasiera hitzorduari. Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du Hergueraren opera primak oinarrian. Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra da protagonista, ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko duena, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.
KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune
Ondoren, 11:50ean, Beti bezperako koplak (Beg0 Vicario) animaziozko lan esperimentala pantailaratuko dute. Agate Deunaren bezperaz, euskal tradizioan, jendea etxez etxe ibiltzen da festa giroan, bastoien erritmoan bertsoak kantatuz. Bada, Maialen Lujanbio bertsolariak, ospakizunaz baliatuz, genero indarkeriaren salaketa egin zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatu zituen, bai eta hura gainditzeko ezintasuna ere. 2016an, kopla hauek oinarri hartuta film labur bat osatu zuten.
Azkenik, Urresolaren Cuerdas film labur sarituarekin agurtuko dute zikloa, 12:00etan: 90 urte ditu Ritak eta, entsegu-lokala mantentzea ahalbidetzen dien udal diru-laguntza galdu dutelako, desagertzear dagoen emakumez osatutako abesbatza batean abesten du. Abesbatza kideek erabaki beharko dute ibarreko enpresa kutsatzaileenetako baten babesa onartzen duten, taldearen jarraipena salbatu ahal izateko.