Zailtasun ekonomikoek baldintzatuta, ohi baino egun gutxiago iraungo du  Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiak aurten.

cartel-cinema-espagnol-nantes-2025-683x1024

Euskal Herrian eta Espainiako lurraldean ekoiztutako lan onenak erakutsi ohi dituen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiak 2025eko edizioa abiatuko du gaur. Zailtasun ekonomikoei aurre eginez, 34. edizioa martxoaren 29ra arte luzatuko da. Ohi baino egun gutxiago izango ditu, eta sail bat gutxiago.

Ekoizpen euskal herritar ugari izango dira Nantesen ikusgai, eta sari nagusiak irabazteko hautagaiak izango dira. Fikziozko film luzeen atalean sartu dituzte, esaterako, Marco eta Azken erromantikoak lanak. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco Veneziako Mostran aurkeztu zuten, Orizzonti sailean, eta ostean, 72. Donostia Zinemaldiko perlak saila agurtu zuen. Javier Cercas idazlearen El impostor liburua du inspirazio, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia dakarrena.

Aldiz, Txani Rodriguezek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da David Perez Sañudoren filma. Paper fabrika batean lan egiten duen Irune da protagonista. Miren Gaztañagak haragituko du bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume protagonista, baina aktore ezezagunek (euskaldunek eta andaluziarrek) interpretatuko dituzte filmeko pertsonaia gehienak.

Dokumentalei dagokienez, 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutako Williamstarrak eta Chaplin, espíritu gitano (Carmen Chaplin) sartu dituzte zerrendan. Eta Borja Cobeagaren Los aitas komedia berrienak emango dio amaiera festibalari. Tartean, Nevenka Fernándezen benetako kasuan sakontzen duen Soy Nevenka (Iciar Bollain) ere egongo da ikusgai, eta telesailei eskainitako atalean Querer (ASlauda Ruiz de Azua) sartu dute.

Fenetre Basque saila

Lehiaketa ofizialaz gain, Nantesko zinema jaialdiak urteak daramatza Euskal Herriko zinemagintzari leiho berezi bat eskaintzen. 2001ean sortu zuten Fenêtre Basque atala, eta ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, urteko film luze eta labur onenak zabaldu dituzte Europan zehar. Aurtengo edizioan, Euskadiko Filmategiak iaz Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia) 4Kn zaharberritu zuen Tasio (Montxo Armendariz), Pello Gutierrezek Erreplika dokumentala, eta Irati (Paul Urkijo) film epikoa emango dituzte.

Film laburrei dagokienez, KIMUAK 2024 aukeraketan hautatutako ekoizpen guztiak emango dituzte: Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Errotatiba (Iratxe Fresneda), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Exergo (Jorge Moneo Quintana), Patrimonio (Aitor Abio), Todo lo cubre la sal (Joana Moya Blanco) eta Utländsk (Alba Lozano).