Miarritzeko Nouvelles Vagues zinema jaialdiaren ekimenez, Montxo Armendarizen opera prima ikusgai izango da Le Royal zinema-gelan. Martxoaren 30ean, 16:30ean hasiko dute saioa, eta Lili Hinstin festibaleko programazio zuzendariak aurkeztuko du.
Ekainaren 24tik 29ra bitartean ospatuko dute Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiaren hirugarren edizioa. “Euskal Herriaren bihotzean, surfaren hiriburuan” gauzatu ohi da festibala, eta zinemagile gazteen kezkak eta ikusmoldea ditu ardatz. Hain zuzen ere, sortzaileek, martxoaren 31ra arte dute film luze eta laburrak aurkezteko epea.
Deialdia itxi bezperan, baina, emanaldi berezi bat hartuko du Miarritzeko Le Royal zinema-gelak. Hilaren 30ean Montxo Armendariz nafarraren Tasio (1984) opera primaren aurrestreinaldia egingo dute, Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetara iritsi aurretikoa.
Donostia Zinemaldian estreinatu zela 40 urte bete ziren 2024an, eta ‘klasiko’ izendapenarekin berriz ere jarri zuten ikusgai 72. edizioan. Euskadiko Filmategiak Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia) 4Kn zaharberritu zuen 2024an, eta nazioarteko zinema jaialdietan erakutsi zuten gero: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière etab.
Tasioren bizitza irudikatzen du. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, baina bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak.
Martxoaren 30ean, 16:30ean hasiko dute filmaren emanaldia, eta Lili Hinstin Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiko programazio zuzendariak aurkeztuko du. Sarrerak zinema aretoaren webgunean eskuratu daitezke.